Madrilen batuko dira Barloworldeko langileak

Anboto 2014ko ira. 28a, 09:15

Barloworld enpresak Espainian dituen lantegi guztietan, tartean Zornotzan, greba egingo dute gaur, astelehena, eta Madrilgo egoitza zentralera joango dira.

Barloworld Finanzauto enpresak 177 langile kaleratzea aurreikusten duen lan kontratuaren etendura espedientea aurkeztu du. Zazpi kaleratzek enpresak Zornotzan duen lantegiari eragiten diote; beste hiruk Logroñon eta Iruñean dituzten delegaritzei. Astelehenean amaituko da zuzendaritzak espedientea Espainiako administrazioan aurkezteko epea. Beraz, oraindino negoziazioetan dabiltzala, sindikatuek greba orokorrera deitu dute astelehen eta martitzenerako.  Egun horietan langile guztiak  enpresak Madrilen duen egoitza zentralean batzea da helburua.

Zornotzako lantegiak bost ordezkari ditu enpresa komitean, denak CCOO sindikatukoak. Gaur langileekin batzeko asmoa dute, egoera zertan den azaldu, eta asteleheneko greba deialdiaren inguruan bozkatu dezaten. “Aurretik egindako batzar batean 58 langiletik 40k babestu zuten greba deialdia”, adierazi du CCOO sindikatukoko Unai Marzanak.

Enpresak 9,2 milioi aurreztu behar dituela esan diete, eta kopuru hori soldata gastuetatik atera gura dute. Sindikatuen hasierako helburua kaleratzeak saihestea zen. Alternatiba bat baino gehiago aurkeztu dute. Esaterako, langile guztien arteko txandakako erregulazio espedientea proposatu dute, kaleratzeak saihesteko. Marzanaren esanetan, alternatiba horren bidez, enpresak aurreztu gura duen diruaren “bikoitza” aurreztu daiteke, baina zuzendaritzak ez du onartu: “Kaleratzeak egon behar direla diote, bai ala bai”.

Egoera hori barneratuta, sindikatuen helburua da kaleratze traumatikoak ekiditea: 63 urtekoentzat erretiro aurreratuak eta 59 urtetik gorakoentzat errelebo-kontratuak lortzea, adibidez. Zornotzan lau langile daude baldintza horietan. Proposamenak aintzat hartuta ere, zuzendaritzak “100 bat langile kaleratzeko beharra ikusten du”. Asteburuan izango dute negoziazioetarako azken aukera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!