Barloworld Finanzauto enpresak 177 langileren kaleratzea aurreikusten duen lan kontratuaren etendura espedientea aurkeztu zuen abuztuaren 29an. Harrezkero, hainbat batzar izan dituzte zuzendaritzak eta ordezkari sindikalek; azkena, joan zen eguenean. Sindikatuko ordezkarien arabera enpresak bederatzi milioi euro behar ditu eta zuzendaritzak soldata-gastuetan aurreztuz lortu gura du kopuru hori; gainerako sailetako diru atalak dagoeneko oso dohituta daudela esan diete. Sindikatuen helburua kaleratzerik ez egotea da, baina orain arteko batzarretan gertatutakoaren arabera, ematen du kaleratzeak egongo direla; sindikatuen helburua da kaleratze traumatikoak ekiditea. Horretarako hainbat proposamen mahai-gaineratu zituzten joan zen egueneko batzarrean: aurrejubilazioak, errelebo kontratuak…
Zuzendaritzak “entzuteko prestutasunaz” hartu ditu proposamenak, baina hala ere “kaleratze kopuru handia, 100 langiletik gora” egon daitezkeela esan diete. Enpresako hitzarmen kolektiboa ere iraungita dago: “Hitzarmen berrian lagatzeko prest gaudenaren arabera, kaleratze gutxiago egin daitezkeela diote”, enpresa komiteko ordezkarien esanetan.
Hurrengo batzarra bihar goizean egingo dute Madrilen, enpresako egoitza zentralean. Seguruenik hilaren 29ra arte (negoziazioetarako azken eguna) egunero batzartuko dira, asteburua barne.
Gaurko aurreikusita zegoen greba deialdia bertan behera utzi behar izan dute, baina gainerakoei eutsi egingo diete: “Negoziazioak asko aldatu beharko lukete greba deialdiak bertan behera uzteko”. Asmoa da hilaren 25ean eta 26an greba egin eta langileak enpresak Zornotzan duen plantan kontzentratzea eta hilaren 29an greba egitea erabakitzen duten langile denak (Zornotzako plantakoak zein Espainia osokoak) Madrilera joan eta egoitza zentralaren aurrean batzea.
Barloworld Finanzauto enpresak ia 1.200 langile ditu Espainia osoan zehar banatutako plantetan. Zornotzako plantan 58 langile daude. Horietako zazpi daude kaleratuak izateko arriskuan. Era berean, Zornotzako plantak delegazio bana du Logroñon eta Irunean eta horietako beste hiru lanpostu ere kolokan daude.