Barloworld enpresak 71 langile kaleratuko ditu

Anboto 2014ko urr. 1a, 10:43

Zornotzako lantegiak ezezkoa eman arren, gehiengoz onartu dute akordioa zuzendaritzagaz. Barloworld Finanzauto enpresako zuzendaritzak eta langileek akordioa sinatu dute. Akordio horren arabera, 71 langile kaleratuko dituzte, eta ez hasieran proposatutako 177. Era berean, 68 jubilazio egongo dira; epeka gauzatuko dira, eta, azkenean, %100 jasoko dute.


Oraindik ez dakite Zornotzan zer ondorio izango duen akordioak. Zazpi kaleratze Zornotzako lantegirako daude aurreikusita, eta beste hiru Zornotzako lantegiak Logroñon (Espainia) eta Iruñean dituen ordezkaritzetarako. Aste honetan borondatezko kaleratzeak jakinarazteko epea ireki dute. Datorren astean jakingo dute zehazki zenbat kaleratze eta jubilazio egongo diren Zornotzan.

Barikuan egin zituzten bozketak, enpresak Espainia osoan dituen lantegietan, eta gehiengoak akordioa onartzearen alde bozkatu zuen. Ondorioz, astelehenean greba egin eta langile guztiak enpresaren Madrilgo eraikin zentralean batzeko asmoa bertan behera geratu zen. Estatuan hiru lantegik bakarrik eman zuten ezezko botoa, eta tartean Zornotzakoa dago (38 ezezko eta 20 baiezko); Malagakoa eta Coruñakoa dira beste biak. Erabakiagaz ez daudela ados, baina “gehiengoak dioena onartu” behar dutela adierazi du CCOOko Unai Marzanak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!