"Aldapegoran zelako maila zegoen ikusita, ez nuen espero neuk irabaztea"

Maialen Zuazubiskar

Zaldibartarrak 500 euro eskuratu ditu Mari Kopa irabazita.

Nora Narbaiza korrikalaririk erregularrena izan da nesketan Durangaldeko Kopan eta berak jantzi du txapela Mari Kopan. Zapatuan Aldapegora lasterketa irabazi zuen. Mari Kopan Lola Oiarzabal sailkatu da bigarren, eta Nerea Amilibia hirugarren.  

Kostatu da baina Kopako azken lasterketan horrenbeste borrokatutako garaipena heldu da.
Aldapegoran zelako maila zegoen ikusita, ez nuen espero neuk irabaztea. Hasieratik bizkor irten nintzen, Onditz Iturbegaz batera. Baina lehenengoko kilometro horietan apur bat ito, erritmoa mantsotu, eta hortik eta Udalatxerainoko tartea Larraitz Aragonegaz batera egin nuen, Onditzen atzetik. Erritmo onean joan ginen eta sentsazio ona izan nuen berriro. Behin tontorreraino igota, jaitsieran aurrerantz egin, Onditz aurreratu eta lasterketa buruan nengoen. Hortik aurrera, banekien ez zegoena atseden hartzeko momenturik. Kanpanzarretik Elorrioraino 10 kilometroko bidea geneukan, korrika asko egitekoa. Tarte horretan bai, asko sufritu nuen. 

Garaipena eta Kopako txapela, Zaldibarrera.
Oso pozik nago lorturikoagaz, baina badut pena bat ere. Aurten, Kopako sailkapenean, Mari kategorian, emakumezkoetan bosgarren postua hutsik geratu da. Sugaar Kopan emakume mordo bat egon da, baina Mari Kopan ez. Neska asko dago Mari Kopa lehiatzeko gaitasuna dutenak, baina beldurra sentitzen dute. Beraz, hemendik animatu egin gura nituzke, kapaz direlako egiteko.

Amaitu duzu denboraldia? Datorren urtera begira, zer?
Asteburuan Kolitzako mendi lasterketan izena emanda nago, eta hurrengoan Urduñakoan. Gainera, Urduñakoa asko gustatzen zait. Horiek dira aurtengo azkenak. Datorren denboraldira begira, nire entrenamenduak ordenatzeko asmoa dut, oso desordenatua naiz eta. Eta lasterketa gutxiago lehiatzeko asmoa dut. Lasterketa askotan parte hartu dut eta hori neurtu gura nuke, hobetzen jarraitzeko.

Ander Jauregik, Irune Lertxundik eta Victor Bernedok ere jantzi dute txapela

Nora Narbaizaz gainera, beste hiru txapeldun ere izendatu zituzten Elorrion. Gizonetan Ander Jauregik jantzi du txapela Mari Kopan. Durangarrak Garaiko Asto Trail irabazi du eta postu esanguratsuak lortu ditu zenbait larterketatan. Josu Urrutia geratu da Kopan bigarren, eta Iñaki Goenaga hirugarren.  Lasterketa laburragoen Sugaar Kopan Irune Lertxundi gipuzkoarra izan da txapelduna emakumeetan, Aldapegoran lorturiko garaipenari eskerrak. Zutoia Odriozolak eta Oihane Alonsok osatu dute podiuma. Gizonetan Victor Bernedo txapeldunak Amaraune, Zaldu Trail, Asto Trail eta Sorginen Lasterketa irabazi ditu aurten. Fouad Anou eta Aritz Gil sailkatu dira segidan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!