Zaldibarko jaiak

Gastronomiak, musikak eta tradizioak bat egingo dute Zaldibarren uztailaren 2tik 5era

Aitziber Basauri 2026ko ekainaren 30a

Iazko herri bazkariko irudi bat. Lucia Meruelo

Jai giroan murgiltzeko atzerako kontaketa hasi dute Zaldibarren. Uztailaren 2an txupinazoa botatzeagaz batera egingo du eztanda jaiak, eta gastronomiak, musikak zein tradizioak bat egingo dute herriko kaleetan. Hartara, tradizio handiko ekitaldiek ez dute hutsik egingo; hala nola Olea kaleko solomo eta sardina-janak eta Bekoetxe kaleko odoloste-janak. Ekitaldi jendetsu horiekin batera, urterik urte indarra hartu duten tortilla txapelketa eta herri bazkaria ere egingo dira. Kale animazioak ere ez du hutsik egingo. Matraka, Elektrotxufla eta Gotx elektrotxarangek hartuko dute horren ardura. 

Zaldibarko jaiak musika eskaintza zabalagaz datoz aurten. Jai batzordeak jakinarazi duenez, Altxa Porru erromeria taldea, Nebar talde akustikoa, eta Sukena, Streetwise eta Xaukena Xauk rock taldeak igoko dira txosnaguneko oholtzara. Ordu txikiak arteko parranda, bestalde, hainbat musika jartzailek bermatuko dute.

Bertsoak eta antzerkia
Bertsolariek eta antzerkiak borobilduko dute kultur eskaintza. Punta-puntako bertsolariak egongo dira, uztailaren 5ean, Zaldua plazan, Leire Vargas gai jartzailearen esanetara: Xabat Illarregi, Aitor Etxebarriazarraga, Saioa Alkaiza eta Unai Iturriaga. Bestalde, Markeliñe antzerki konpainia zornotzarrak Artilusio kale ikuskizuna egingo du, udaletxeko plazan. Itziar Fragua, Fernando Barado eta Maite Bayon antzezleek fantasiazko mundu magiko batera murgiltzera gonbidatuko dute ikuslea. Hain zuzen ere, Greta adineko emakume maitagarri eta irakurzaleak eraikitako munduan. Gretak liburuak ditu pasio, eta alboan duen makina erraldoia ere liburu horiekin elikatzen da. Gretaren bihotz taupadak eta makina sinkronizatuta daude, fantasiazko mundu bat eraikiz, pertsonaia eta testuinguru propioekin. 

Kirolik ere ez da faltako Zaldibarko jaietan: besteak beste, areto-futbol maratoia jokatuko, eta herri-kirolen erakustaldia egongo da. 3x3 saskibaloia eta pilota partidak ere antolatu dira; XXXVIII. Etorkizuneko Olazar Txapelketa jokatuko dute. Etxeko txikienek, berriz, ginkana, puzgarriak eta apar festa izango dituzte zain, uztailaren 3an.

Errespetuz jokatzeko deia
Udalak eta Jai Batzordeak erantzukizunez jokatzeko deia egin dute. Eneritz Azpitarte alkateak eta herriko eragile feministek argi utzi dute: "Zaldibar indarkeria matxista eta erasorik gabeko herria izatea nahi dugu. Ez dugu inolako erasorik onartuko". Jaiak askatasunean eta errespetuz bizitzeko mezua zabaldu dute mezu argi batekin: "Erasotzaileek ez dute lekurik gure artean".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!