[BIDEOA] Maila absolutuko estreinako parte-hartzean bi domina eskuratu ditu Hodei Rivasek

J.D. 2026ko ekainaren 19a

Ekainaren16an eta 17an Banakako Gimnasia Erritmikoko Espainiako Txapelketa Absolutua jokatu zen Guadalajaran. Bertan, Zaldibarko Olazarmendi klubeko Hodei Rivas ermuarrak debuta egin zuen maila absolutuan eta emaitza bikainak lortu zituen.

Orain arte oinarrizko mailan lehiatu ondoren, denboraldi honetan egin du jauzia maila absolutura gimnastak. Debutak sentsazio ezin hobeak utzi zituen. Izan ere, Rivasek brontzezko domina eskuratu zuen sailkapen nagusian, uztai, pilota eta mazekin egindako ariketetan lortutako puntuazioen baturari esker.

Horrez gainera, pilotako eta mazetako finaletarako sailkatzea ere lortu zuen. Kategoria absolutuko lau gimnasta onenentzat gordetako final horietan, mazen ariketan [bideoan ikusgai] berriro igo zen podiumera, zilarrezko domina eskuratuta.

"Hodeiren bidean, mailaz igotzen den edozein kirolariren kasuan bezala, funtsezkoa izan da arreta eta motibazioa ikaskuntza-prozesuan eta maila berriak eskatzen duen egokitzapenean jartzea. Denborarekin, akatsak aurrera egiteko aukera gisa ikasten jakin du, eta frustrazioa zein ziurgabetasuna kirolaren berezko zati direla onartu du, entrenamendu bakoitzean landu beharrekoak. Gainera, lehen aldiz aparatu bakarraren ordez hiru landu behar izan dituenez, beste erritmo batzuk errespetatzen ikasi du: hobekuntza ez da berehala iristen, baizik eta etengabeko eta pixkanakako lanaren bidez eraikitzen da, eta askotan hilabete batzuk geroago baino ez da islatzen lehiaketetan", adierazi dute Olazarmendi klubetik ohar batean. 

Hodei Rivas mazekin egindako ariketan.

Hodei Rivas bere bi entrenatzaileekin: Itsaso Zubia eta Laura Carrillo (Argazkia: Olazarmendi)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!