Zaldibarko Olazarmendi klubeko Hodei Rivasek lorpenak pilatzen jarraitzen du. Gimnasta ermuarrak maila absolutuko Euskadiko txapelketa irabazi zuen asteburuan, Leioako Sakoneta kiroldegian. "Hiru ariketa bikain egin zituen, eta erakutsitako erregulartasunari esker geratu zen txapeldun", azaldu dute klubetik ohar batean.
Hurrengo hitzordua Espainiako txapelketa izango du, ekainaren 13tik 18ra Guadalajaran izango dena. Rivasentzat txapelketa berezia izango da, orain arte oinarrizko mailan aritu delako. Beraz, estatuko kategoriarik altuenean parte hartzen duen estreinako aldia izango da.
Eskolarteko Jokoak
Bestalde, Olazarmendiko eskola A mailako gimnasta guztiak Euskadiko Eskolarteko Jokoetara sailkatu dira, eta datorren asteburuan Eskoriatzan lehiatuko dira. Bertan izango dira Bizkaiko txapeldun izan den haur-kategoriako Olazarmendi Ekidom taldea eta kimuen taldea.
Araudi aldaketa baten ondorioz, kimuen taldeko Irati Pérezek ezin izango du lehiatu, eta haren ordez Noa Salazar ariko da. Araudian eman den aldaketa honako hau da: azken hamarkadetan Lehen Hezkuntzako 5. mailako gimnastei Eskolarteko Jokoetan parte hartzea ahalbidetzen zien salbuespena kendu egin da.
"Salbuespen hori kentzea bereziki mingarria da gimnasia erritmikoa bezalako kiroletan. Neurria ez da asmo txarrekoa eta haurtzaroa gehiegizko ingurune lehiakorretatik babestea du helburu, baina praktikan halako egoerak sortzen ditu: denboraldi osoan bere taldekideekin lan egin eta lehiatu den gimnasta bat azken txanpan kanpoan geratu da, eta ezingo du denboraldia gainerako taldekideekin batera amaitu", adierazi dute klubetik.
