Joan zen asteburuan gimnasia erritmikoko Oinarrizko Kopa lehiatu zen Madrilen eta Olazarmendi klubak bi gimnastarekin parte hartu zuen. Hodei Rivasek, 13 urterekin, mutilen estreinako Kopa irabazi zuen haur-kategorian. Titulu "historikotzat" jo dute Olazarmendiko kideek: "Kirol-meritua alde batera utzita, Hodeiren garaipenak mezu sozial argi bat transmititzen du: mutilek gimnasia erritmikoa praktikatu dezakete hesi historiko, politiko, sozial edo estruktural barik. Kirolarekiko pasioak ez luke mugarik izan behar", aldarrikatu dute ohar batean.
Hurrengo denboraldian Rivas kategoria absolutura igoko da eta "erronka garrantzitsua" izango da Olazarmendi bezalako klub "xume" batentzat. "Kirol-guneen erabilgarritasun mugatua eta gimnastaren ordutegi akademikoa uztartuta, astean 11 orduko entrenamendua izango du. Urrun geratuko da bere etorkizuneko lehiakideen ohiko 15-20 orduetatik. Hala ere, bere aurrerapenak erakusten du ilusioarekin eta ikasteko gogoarekin mugak gainditu ditzaketela", gehitu dute.
Bestalde, 22 urteko Ane Fernández de Arroyabek 13 tokian amaitu zuen 90 lehiakide izan zituen txapelketan. "Emozioz" betetako saioa izan zela nabarmendu dute Olazarmenditik.
(Argazkiak: Olazarmendi)