Lur-jausia Zaldibarren

Gaur sei urte betetzen dira Eitzagako hondamenditik

Ekaitz Herrera 2026ko otsailaren 6a

Eitzagako Verter Recycling zabortegia otsailaren 6an amildu zen, orain sei urte. Zaldibar Argitu plataformak elkarretaratzea egingo du domekan, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze beharginak gogoratu eta ikerketak argitzea eskatzeko.

Sei urte joan dira dagoeneko, baina Zaldibarko eta Eitzagako herritarrek ondo gogoan dute gaurko egunez gertaturikoa. Verter Recycling zabortegia amildu, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak lurrak harrapatuta geratu, eta Euskal Herriko ingurumen hondamendirik handienetariko bat gertatu zenekoa. Hori gogoan, Zaldibar Argituk elkarretaratzea egingo du domeka honetan, Eitzagako plazan. Eta aukera hori aprobetxatuko dute, hain zuzen ere, epaitegietan oraindino zabalik dauden auzibideak amaierara arte ikertu daitezen eskatzeko. 12:30ean egingo dute ekitaldia.

Plataformak gogorarazi du epaileak "zuhurtziagabekeriaz egindako giza hilketa bi" egotzi zizkiela enpresa arduradunei, eta "21 hilabete" behar izan zituztela homizidio bi horiek ebazteko. Alabaina, Zaldibar Argituk adierazi du beste epaia, ingurumenaren aurkako delituei loturikoa, instrukzio fasean dagoela oraindino, hasi eta sei urtera: "72 hilabete daramatza instrukzio fasean. Epaitegiak sei hilabeteko luzapena ezartzen du sei hilabetero. Zenbat denbora behar dute instrukzioa amaitu eta ondorioak kaleratzeko?", galdetu du plataformak.

Joan zen astean, hirugarren auzibide bat ere martxan zegoela jakin zen. Durangoko epaile batek Arantza Baigorri Zaldibarko alkate ohia eta beste zortzi lagun inputatu zituen, zabortegian ustez prebarikazio urbanistikoa egin zutelakoan. Plataformak salatu du hirugarren auzi horri buruz filtratutako informazioak ez duela hondamendiaren “benetako mamia” argitzen, eta "arreta desbideratzeko" arriskua dagoela. Halaber, "argitu beharreko guztia" argitzeko eskatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!