Lur-jausia Zaldibarren

Zaldibarko EH Bildu: "Sinesgaitza da Baigorri inputatua egotea eta Juan Mari Uriarte eta Jose Luis Maiztegi ez"

E.H. 2026ko otsailaren 2a

Arantza Baigorriren inputazioa dela eta, Zaldibarko EH Bilduk oharra kaleratu du. Gogorarazi dute koalizioak alegazioak aurkeztu zituela zabortegia handitzearen kontra, eta gaineratu du Jaurlaritzak bazekiela, 2019an, hondakindegiak zegokiona baino eremu handiagoa zuela. Halaber, Jaurlaritzak Udalari halakorik jakinarazi ez ziola dio EH Bilduk.

Koalizioak azaldu du Zaldibarko HAPOak Udaleko eta Foru Aldundiko "teknikari guztien onespena" izan zuela, tartean, Imanol Pradales foru diputatuarena (Lehendakari izan baino lehen, Pradales Bizkaiko Garapen Ekonomikoko diputatu izan zen 2015etik 2019ra, eta Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako foru diputatu 2019tik 2023ra). Hori horrela, koalizioak "zentzugabea" deritzo Arantza Baigorriri "zabortegiak behar zuena baino leku gehiago okupatzen zuela jakitea eta Verter Recylcingi mesede egitea leporatzea".

Are gehiago esan du Zaldibarko EH Bilduk: "Ertzaintzak Juan Mari Uriarte EAJko alkate ohiaren testigantzan oinarritzen du ia erabat, fiskaltzari aurkeztutako txostena", eta horrenbestez, "Arantza Baigorriri egotzitako delituak 2015ean zabortegira egin zuen bisita batean" oinarritzen direla. Halaber, koalizioak azaldu du Uriarte lau bider egon zela zabortegian 2019ko abenduan, txostenean hori jasota dagoela, eta ondorioz, Uriartek "zabortegiaren egoera ezagutzen" zuela. "Sinesgaitza da Baigorri inputatua egotea eta Juan Mari Uriarte eta Jose Luis Maiztegi ez egotea", esan dute.

Jaurlaritzaren ikuskaritza

Zaldibarko EH Bilduren esanetan, 2019an, Jaurlaritzak bazekien "zabortegiak zegokiona baino eremu handiagoa zuela". Alabaina, "ez zuen Zaldibarko Udala jakinarazi". Gertakari hori "argitu beharra" dagoela esan du koalizioak.

Era berean, "lurralde antolamenduari loturiko auziak" ez duela "zabortegia amiltzeagaz zerikusirik" esan du EH Bilduk. "Amiltzearekin lotzeko saiakera" dela diote.

Azkenik, subiranistek prozesua inpartzialtasunez bete dadin eskatu dute, eta babes osoa adierazi diote Baigorriri. Koalizioak gogorarazi du "beti" egon dela zabortegiaren aurka, eta hondakindegia handitzeko alegazioen aurka bozkatu zuela 2017an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!