Lur-jausia Zaldibarren

Arantza Baigorri Zaldibarko alkate ohia inputatu dute hirigintza delitu batekin lotura izan dezakeelakoan

Anboto 2026ko urtarrilaren 28a

Eldiario.es hedabideak jaso duenez, Durangoko auzitegiko epaile batek Zaldibarko alkate ohia eta beste zortzi pertsona inputatu ditu Verter Recycling zabortegian, ustez, "prebarikazio urbanistikoa" egin zutelakoan.

Hedabide horren arabera, bederatzi dira inputatuak: Arantza Baigorri Zaldibarko alkate ohia (2011tik 2018ra egon zen jardunean), udaleko arkitekto bi, udaleko kontu hartzaile-idazkaria, Verter Recycling enpresako hiru arduradun eta aholkularitza enpresa bateko teknikari bi. Baigorriren kasuan, epailea "prebarikazio urbanistikorik" egin ote zuen ikertzen dabil. Uste horren arabera, "urbanizazio plangintzaren baten edo txostenen baten aldekotasuna" agertu ahal izan zuelako "nahiz eta bidegabea zela jakin", edo  "nahitaezko ikuskapenak egin ez edo ikuskapenetako arau hausteen berririk eman ez zuelako". 

Era berean, komunikabide horrek jakinarazi du Baigorrik eta gainerako arduradunek maiatzaren hasieran deklaratuko dutela epailearen aurrean. 

EH Bilduren oharra

EH Bilduk ohar bat zabaldu du albistearen harira. Jakinarazi duenez, inputatuen defentsak helegitea aurkeztu dio auziari jarduketak baliogabetzea eskatzen. Eta horrez gainera, esan dute Zaldibarko Udalak "hasieratik" jarri zituela Ertzaintzaren eta Justiziaren esku "eskatutako informazio eta dokumentazio guztia". Halaber, "Zaldibarko Udalaren 2011tik 2019ra bitarteko jarduerak udal zerbitzu teknikoen irizpide eta gomendioen arabera" garatu zirela esan dute "udal arktitektoa eta kontratatutako aholkularitza teknikoak barne". Eta Bizkaiko Foru Aldundiak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra "inolako ñabardurarik gabe" aldatzea "bermatu" zuela jakinarazi.

Koalizioak "erantzukizunez, gardentasunez eta erabateko lankidetzaz" jokatuko duela esan du, eta argitu du Arantza Baigorrik ez zuela irabazi pertsonalik lortu, eta 2018an, alkatetza utzi ondoren, bere lanpostura itzuli zela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!