Eldiario.es hedabideak aste honetan zabaldu duenez, epailea Arantza Baigorri (2011-2018 bitartean alkatea) eta beste hainbat arduradun ikertzen ari da, Verter Recycling enpresaren zabortegiari lotuta ustezko “prebarikazio urbanistikoa” egon ote zen argitzeko. Inputatuen artean daude udaleko bi arkitekto, kontu-hartzaile idazkaria, Verter Recyclingeko hiru arduradun eta aholkularitza enpresa bateko bi teknikari.
Informazio horren harira ohar bat kaleratu du Zaldibar Argituk. Plataformak salatu du Zaldibarko zabortegiaren auzian aste honetan filtratutako informazioak ez duela hondamendiaren “benetako mamia” argitzen, eta "arreta desbideratzeko" arriskua dagoela. Plataformaren arabera, "Eitzagan langile biren zuhurtziagabekeriazko homizidioa eta ingurumen kalte ikaragarria eragin zuten faktoreak (zabortegiaren tramitazioan irregulartasunak, Eusko Jaurlaritzaren arduragabekeria ikuskaritzan, ustiaketan egindako irregulartasunak, amildu osteko kudeaketa iluna) ikertu behar dira ardurak zehazteko". Horregatik, 2020tik instrukzio fasean dagoen auzia amaitu eta “argitu beharreko guztia argitzeko” eskatu dute.
Amaieran dei egin diete herritarrei otsailaren 8an, 12:30ean, Eitzagan egingo duten ekitaldira batzeko.
Hona Zaldibar Argituren oharra osorik:
"Ingurumenaren kontrako delituak aztertzen dituen auziak sei urte daramatza instrukzio fasean, etengabeko luzapenekin. 2024an auzi horretako zati batekin, lurralde antolamenduaren kontrako delituak aztertzen dituena, beste auzi bat osatu zuten. Lehenengoan ez bezala, auzi berri honetan Zaldibar Argitu ez dago pertsonatuta akusazio lez.
Normalean Eusko Jaurlaritza izan da hondamendiaren urteurrena hurbildu ahala “berri”ren bat-edo jakinarazten zuena. Oraingoan epaitegiko txostenaren zati batzuen filtrazioa izan da, ez dakigun norbaitek zabaldua. Horren aurrean, eta orain arte dakigun apurrarekin, honako hau adierazi nahi du Zaldibar Argituk:
- 2015a baino lehenagokoak preskribatuta daudela argudiatuta, epaileak uko egiten dio hori ikertzeari. Ondorioz, batetik testuingurua desitxuratzeko arriskua dago, eta bestetik zabortegia bultzatu eta sostengatu zuten hainbat udal agintariren ardurak ez ikertzeko asmo nabarmenegia.
- Autoa oinarritzen da Ertzaintzaren ikerketetan eta 2019-2023 artean alkateorde izan zen Juan Mari Uriarteren adierazpenetan. Uriartek zuzendu zuen udala eta, bereziki, Verter Recyclingekin harremanak zabortegia amildu aurretik eta ostean. Autoaren pasarte batzuk baino ez ditugu irakurri ahal izan, eta harrigarria egin zaigu Uriarte eta Jose Luis Maiztegi alkate ohia ikertu moduan ez agertzea.
- Arantza Baigorri alkate ohiari autoan egozten diotenaz (Verter Recyclingen mesedetan jokatu zuela, ba omen zekielako enpresak baimenik gabe okupatutako lurrak zerabiltzala, eta hori HAPOn erregularizatu egin zuela), alkate ohiak edota bere alderdiak azaldu behar dute. Beste horrenbeste esan daiteke ikertutako hiru langileei buruz. Oraindik ez dakiguna da zelako ardura izan dezaketen horretan Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak, izan ere Zaldibarko HAPOk Foru Aldundiaren oniritzia jaso zuen 2020ko apirilean, Imanol Pradalesek sinatuta, Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua orduan.
- Eitzagan langile biren zuhurtziagabekeriazko homizidioa eta ingurumen kalte ikaragarria eragin zuten faktoreak (zabortegiaren tramitazioan irregulartasunak, Eusko Jaurlaritzaren arduragabekeria ikuskaritzan, ustiaketan egindako irregulartasunak, amildu osteko kudeaketa iluna) ikertu behar dira ardurak zehazteko. Orain filtratutakoa ez doa norabide horretan. Argitu dadila argitu beharreko guztia. Berriro diogu: guztia. Baina, gure arreta arazoaren benetako mamitik desbideratzeko ahaleginak antzuak izango direla adierazi nahi dugu.
- Amaitu dezatela ja 2020ko otsailetik instrukzio fasean dagoen auzia, hor zehaztu beharko liratekeelako hondamendiaren arrazoiak eta arduradunak. Ikus ditzagun behingoz urteetako ikerketa horren ondorioak, eta gero gerokoak.
- Azkenik, dei egiten diegu herritarrei otsailaren 8an, 12:30ean, Eitzagan egingo dugun ekitaldira batzeko."