15 urtegaz sekulakoak egiten dabil Goiuri Zabaleta leitzarra. Joan zen asteburuan Emakume Master Cup lau eta erdiko txapelketa irabazi zuen Sestaon, Amaia Aldai menderatuta. Txapeldun berria gaur itzuliko da kantxetara, Zaldibarren. Etorkizuneko Olazar Pilota Txapelketako finalerdia jokatu du Madalen Etxegarairen aurka. Irabazleak Laia Salsamendiren kontra jokatuko du finala.
Gizonen finalerdian Egigurenek eta Landak Lizeagaren eta Azpirozen kontra jokatuko dute. Dagoeneko finalean zain dituzte Fernandez eta Loza. Bikote honek joan zen astean lortu zuen sailkapena Bernaola mañariarra eta Karregal mendean hartuta.
Gizonen lau eta erdiko finala erabakita dago: O.Etxebarria / Rekalde.
Zuzeneko emankizuna
Gaurko finalerdiak 21:00etan hasiko dira eta zuzenean ikusi ahalko dira ANBOTOren webgunean. Koldo Aldalur edo Haritz Gallastegi arituko dira esatari, eta Enrike Agirrebeitia komentarista. Antolatzaileek egindako saioek kalitatezko errealizazioa dute: hainbat kamera, errepikapenak, datuak, elkarrizketak… Finalak abenduaren 31n izango dira, urtero legez.