Etorkizuneko Olazar pilota txapelketan laugarren jardunaldia jokoan, gaur

Anboto 2024ko urr. 10a, 10:08

Lau eta erdiko eta binakako partidu bana egongo dira jokoan.

Etorkizuneko Olazar Pilota Txapelketa aurrera doa apurka. Gaur, eguenero bezala, jardunaldi berri bat jokatuko dute Zaldibarko pilotalekuan, 21:00etatik aurrera. Lau eta erdian Ramirezek eta Izagirrek neurtuko dituzte indarrak. Binakako partidua, berriz, honako hau da: Egiguren eta Landa J.Alberdiren eta Aizpururen kontra.

Joan zen asteko jardunaldian Salcedok 22-12 menderatu zuen Koldo Bikandi iurretarra. Binaka, Lerenak eta Altuzarrak 22-20 irabazi zuten Igoa eta Santestebanen kontra emozioz betetako partidu batean.

Eskualdean pilotari bakarra geratzen da lehian

Olazar txapelketa Durangaldeko lau pilotarik hasi zuten eta, txapelketa hasi besterik egin ez den arren, euretako hiru kanpoan daude dagoeneko. Jokatu den jardunaldi bakoitzean eskualdeko pilotari bat erori da: lehenengoan Gontzal Azkarraga-Urizar elorriarra, bigarrenean Faben Ituarte atxondarra eta hirugarrenean Koldo Bikandi iurretarra.

Beraz, une honetan Aingeru Bernaola da eskualdeko ordezkari bakarra. Mañariarra oraindik ez da estreinatu txapelketan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!