"Jaiek urtean zehar egoterik ez dudan jendeagaz egoteko tartea eskainiko didate"

Ekaitz Herrera 2024ko uzt. 3a, 17:09

Jose Luis Mendilibarrek bere herrikideen omenaldia jasoko du, bihar, Zaldibarko jaien hasieran. Egunotan bere sorterrian egongo da, ingurukoen eta gertukoen epeltasunaz gozatzen. Datorren astean Greziara bueltatuko da lanera.

Etenik bako lanaren ondoren, Jose Luis Mendilibar futbol entrenatzaile zaldibartarrak garaipenik ederrenen aparretan egonkortzea lortu du. Iaz Europa Liga irabazi zuen Sevilla taldeagaz, eta aurtengo maiatzean Konferentzia Liga irabazi du Olympiakos talde greziarragaz. Orain, bere sorterriko jaiak direla eta, omenaldia egin diote udalak, Zaldua Kirol Elkarteak eta herrikideek. Egunotan, tarte batez bada ere, herriko jaiez eta gertukoen konpainiaz gozatuko du, Greziara bueltatu eta lanari berrekin aurretik.

Zaldibar jaietan murgilduko da laster. Gogotsu zaude ospakizunetarako?

Egia esanda, jaietan ez naiz askorik egoten. Denboraldiaurre sasoia da hau, futbol taldeagaz lanean ibiltzekoa, eta, horrenbestez, herriko jaiak izaten direnean, kanpoan egoten naiz normalean. Baina aurten bai, aurten herrian egongo naiz jaiek irauten duten bitartean, denboraldiaurrea datorren astean hasiko dugu eta. 

Jaiek futbol munduko presiotik kanpora egoteko modu bat eskainiko dizute?

Urtean zehar ez dut hurbilekoa den jende askogaz egoteko aukera handirik izaten, eta jaiek, hain zuzen ere, horretarako tarte bat eskaintzen didate. Momentutxo batez bada ere, futbola eta lana ahaztu, eta zeozoer hartzen dut neure inguruko jendeagaz. Edozelan ere, ez pentsa, jaietan ez dut gauza handirik egiten. Jaiak jendeagaz egoteko aprobetxatzen ditut. Adibidez, pilota partiduak badaude, frontoira joatea gustatzen zait. Kuadrillagaz egoteko ere aprobetxatzen ditut jaiak.

Aurten, gainera, jaietako ikurretariko bat zara. Herritarrek, Zaldua Kirol Elkarteak eta udalak omenaldia egingo dizute.

Azken urteotan behin baino gehiagotan esan didate inoiz omenalditxoren bat egitea tokatuko zela edo. Eta hara, tokatu da. Aurten, udalak eta Zaldua Kirol Elkarteak omenaldia egitea adostu dute. Europako garaikur bi irabazita, momentu ona delakoan nago. Neure partetik, herritarrak, Zaldua Kirol Elkartea eta udala eskertu gura ditut. Denei esker ona adierazi gura diet. Izan ere, jende askok jarraitzen du egiten dugun lana, itxaropen moduko bategaz gainera, eta orain errekonozimendu hori eskertzea dagokigu. 

Olympiakosegaz eta Sevillagaz irabazitako garaikurrek egundoko ilusioa eragin dute. Zuk zelan bizi izan dituzu garaipenok?

Sorpresa handia izan dira. Batzuetan pentsatzen dut entrenatzaile modura bizi beharreko dena bizi izan dudala jada, eta ez dela ezer berririk etorriko. Baina bizitzak beti eskaintzen dizu zeozer berria eta lantzean behin harritu egiten zaitu. Niri azken momentura arte gorde dit hori. Orain agertu da, eta lortu dugu. Lana egin behar da horretarako, jakina, lanik barik ez dagoelako ezer. Baina itxaropenari ere eutsi behar diogu, zeozer etorriko den esperantzari.

Jaiak amaituta lanera bueltatuko zara, denboraldiaurrea prestatzera. Zein plan duzu esku artean?

Martitzenean Greziara bueltatuko gara eta eguaztenean denboraldiaurrea hasiko dugu. Lagunarteko partiduak jokatuko ditugu lehenengo, eta abuztuaren 18an denboraldia hasiko dugu. Denboraldiaurrea ondo landu gura dugu, gero denboraldia ondo irten dadin. Horixe izango da gure lana. Olympiakos talde handia da Grezian eta helburua liga irabaztea da. Horixe da helburua. Horrenbestez, prestakuntzak horri begirakoak izaten dira. Ezin ditugu partiduak makal hasi; gogor lan egin behar dugu. Eta, Europari dagokionez, bertan jokatzea ere badugu helburu. Lehia gogorra izaten da, beti da gatx irabaztea, baina sailkatzea lortu eta aurrera egiten badugu, horretarako aukera sortu daiteke.

Elkarrizketa amaitzeko, utziko diezu mezu bat irakurleei, zaldibartarrei?

Jaietan ondo pasatu dezatela, jaietan horixe da inportanteena eta. Lau egun izango dira eta horren ondoren oporrak etorriko dira. Eta oporretan ere, ondo pasatu denok. Hori bai, horiek amaituta, lanera, hori ere bada inportantea eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!