Lur-jausia Zaldibarren

[BIDEOA]: Lau urteren ondoren, Eitzagako zauriek guztiz itxi barik jarraitzen dute

Ekaitz Herrera / Aitor Ruiz 2024ko ots. 2a, 09:55

Eitzagan izan zen, Zaldibarko lurretan dagoen baina Ermuara zein Eibarrera begira dagoen 30 biztanleko baserri auzoan. Bertako auzotarrek Euskal Herrian aspaldi egoniko zurrunbilo politikorik eta ekologikorik handienak irentsi zituzten orain lau urte. Mendia gainera etorriko ote zen beldurra, luiziak desagerrarazitako behargin bi, suteak, kea, furanoa, erreketako lixibatuak... Lau urte joan eta gero, Eitzagara bueltatu gara, gertatu zena gogoratzeko batetik, eta auzotarren bizitza zelan aldatu den jakiteko bestetik. Oskar Morales Bildosolak hartu gaitu Eitzagako plazan.

Zein da Eitzagako auzotarrek gaur egun bizi duzuen egoera?

Lasai gaude. Mediatikoki ez dago zaratarik, ez dago kamioirik, ez dago mugimendu handirik. Badirudi hor, zabortegiaren inguruan, geratu egin dela dena, hilerri baten antzera. Lanak egiten jarraitzen dute, eta, bien bitartean, gure bizitzak aurrera doaz. Zabortegiko gertakaria ez da eguneroko elkarrizketa hemengo bizilagunen artean.

Gertatu zen guztia ahanzturan geratu daitekeela pentsatzeak kezkatzen zaitu?

Parte batetik, ahanztura hori normala ere bada. Egun, aste eta hile haiek intentsitate handiz bizi izan genituen. Lau urteren ondoren, normala da horri bestelako jarraipen bat egitea.

Zelan aldatu da Eitzaga? Zelako bilakera izan dute auzotarrek? 

Eitzaga oso auzo txikia da. Herritar edadetuak dira gehienak. Eta, jakina, denbora aurrera doanez, tarte honetan auzoko zenbait bizilagun hil da. Geroago eta jende gutxiago gara hemen. Bakoitzak ahal izan duen moduan jarraitu du bere bizitzagaz. Esango nuke horiek direla aldaketa nagusiak. Gainerako denak berdin jarraitzen du. Ermuko eta Eibarko biztanleak paseatzera etortzen dira inguruotara, hor zabortegi bat dagoela eta auzibideak oraindino ere indarrean daudela ahaztuta balego lez. Jendeak hau amaitzea, ahaztea eta halakorik berriro inon ez gertatzea gura duela uste dut. 

"Denbora aurrera doanez, tarte honetan auzoko zenbait bizilagun hil da. Geroago eta gutxiago gara hemen. Bakoitzak ahal bezala jarraitu du bere bizitzagaz"

 

Auzi judizialei dagokienez, bik plano mediatikoaren lehen lerrora irten dute: langile bien heriotzagaz loturiko epaiketak eta ingurumenagaz loturikoak. Baina, hemen, auzotarren artean, bada auzibide gehiago.

Halantxik da. Zabortegia amildu eta gero, azpiegitura egonkortzen hasi ziren. Eta helburu hori lortu ahal izateko, zabortegiaren eremua handitu behar izan zuten, hainbat baserritarren lurrak urgentziazko neurri lez desjabetuta. Baserri batzuetako ur iturriak zapuztu zituzten, landa eremuari eragin zioten. Eta lurren behin-behineko okupazioa izateko asmoz hartu zen neurri hori betikotu egin dela ikusi dute. Baserritar batzuk auzitegietan dabiltza borrokan, instituzioen partetik eman zitzaien tratua nahikoa traketsa izan zela iritzita. Eta ez dakite oso ondo noren kontra borrokatu, Verter eta Eusko Jaurlaritza ardurak elkarri pasatuta ibiltzen direlako. 

Zelakoa da instituzioekin duzuen hartu-emana? Jasotzen duzue lehen eskuko informaziorik?

Beti ibili gara instituzioen atzetik. Denboragaz konturatu gara zer lan gutxi egiten zuten zabortegi honen jarraipenean. Enpresek gura zutena botatzen zuten hemen. Eta orain dela gutxi ere ikusi dugu Lapurdiko enpresa bi zigortu dituztela. Horrenbestez, guk genioen guztia bete egin da. Edozer ekartzen zutela, zaborra ez zela bereizten, zaborra kanpotik zetorrela, oso merke botatzen zela. Hori guzti hori bete egin da. Beraz, argi geratu da instituzioen partetik ez dela jarraipenik egon. Batez ere, Eusko Jaurlaritzaren partetik. Apenas egoten zen ikuskatzerik. Bestalde, bizilagunengandik gertuen egon den instituzioa udala izan da. Guk beti jo dugu bertara. Joan zen legegintzaldi hasieran lanketa handia egon zen Zaldibarko Udalaren partetik. Baina legealdiko azken hiru urteetan ez zuten ezta batzar bat ere antolatu auzotarrak informatzeko. Udal aldaketa berriagaz, honen guztiaren jarraipen handiagoa egitea gura dugu. 

"Orain dela gutxi Lapurdiko enpresa bi zigortu dituzte. Horrenbestez, guk genioen guztia bete egin da. Edozer ekartzen zutela, zaborra ez zela bereizten, zaborra kanpotik zetorrela, ... Argi geratu da instituzioen partetik ez dela jarraipenik egon"

 

Eitzagako auzotarrek zer eskatzen duzue aurrera begira?

Zabortegia ganoraz zigilatzea eskatzen dugu, nahiz eta hori egingarria den esateko zalantzak ditudan. Zaborra ondo banatu zuten gainaldeko geruzan, baina azpialdeko geruzetan ez dago ezer. Horrela geratuko da, eta ikusiko dugu hortik zerbait filtratzen den eta balizko filtrazio horiek nora joan daitezkeen. Bestalde, ez dakigu kontrolik egiten den. Espero dut URAk eta Ingurumen Sailak honi guzti honi jarraipena egitea. Honelakorik berriro ez gertatzea gura dugu. Prozesu judiziala amaitzea eta behingoz zauri hau ahalik eta ondoen estaltzea gura dut, bai hildakoei, bai baserritarrei, auzotarrei eta bai inguruko herritarrei dagokienez. Azkenik, baten batek izan beharko du gertatu zenaren ardura. Gaur egun ez dago arduradunik. Inork ere ez du hartu gertaturikoaren erantzukizunik.

Zabortegiko hondamendi horretatik badago ikasteko ezer?

Baietz esango nuke. Positiboa izan gura dut. Ez du balio ez birziklatzeak, ez du balio bizilagunak kontuan hartu barik zulo bat edonon egin eta bertara zaborra botatzeak, ez du balio zaborra ez bereiztea hain merke irteteak. Bestalde, bizilagunek kontuan hartu behar dute lursailak nori eta zertarako saltzen dizkioten. Instituzioen kudeaketan ere lan handia dago egiteko. Ardurak agintariek eta guk ere, norbanako modura, baditugu. Horrez gainera, egunerokotasunak gauzak ahaztera garamatzala ikusi dut. Txarto ibiliko gara betiko akatsak berriro ere eginez ibiltzen bagara. Ingurumena kaltetzeak denoi eragiten digula hausnartu behar dugu. Zabortegiaren kokalekuari Zaldibar esan zaio, baina Zaldibartik hau ez da ikusten. Hemen 30 lagun baino ez gara, eta Ermuko eta Eibarko biztanleen jarrerak harritu egiten nau askotan. Iruditzen zait arazoa gurea balitz lez jokatzen dutela. Baina zabortegia Ermutik eta Eibartik ikusten da. Hango 15.000 eta 25.000 biztanleei eragiten die. Eta hemendik doan urak Deba ibar osoari eragiten dio. Hausnarketarako deia egin gura nuke alde horretatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!