Lur-jausia Zaldibarren

Eitzagako baserritarren auzibideek zarratu barik jarraitzen dute oraindik

Ekaitz Herrera / Aitor Ruiz 2024ko ots. 2a, 09:55

Zaldibarko zabortegiaren harira, prozesu judizial bik hartu dute ikusgarritasunik handiena: langileen kontrako delituei buruzko auziak batetik, eta ingurumenari loturiko auziak bestetik. Baina horietaz aparte, Eitzagako baserritarrek hainbat auzi dituzte indarrean oraindik ere.

Zabortegia amildu zenean, azpiegitura egonkortzeko lanak hasi zituzten haren inguruan. Hondakindegiaren perimetroa handitu behar izan zuten, eta horretarako, hainbat esku hartze egin zituzten baserritarren lurretan, urgentziazko neurri modura. Hori guztia dela eta, Eitzagako baserritarrek auzibideak hasi zituzten. Eta ordutik hona lau urte igaro diren arren, prozesu judizial horiek zarratu barik jarraitzen dute.

"Lau urte eta gero hemen jarraitzen dugu", kexatu da baserritarretako bat. "Bi auzibide ditugu zabalik. Bizkaiko Foru Aldundiagaz bata, eta Eusko Jaurlaritzagaz bestea. Lehenengoak desjabetze batzuk egin zizkigun autopistaren inguruko arlo batzuetan. Bigarrenak, beste hainbat esku hartze egin zituen zabortegiaren azpiko eremuan. Kontua da baserri bide batzuk moztuta, blokeatuta, gelditu zitzaizkigula. Dena hankaz gora utzi ziguten. Lau urte igaro dira eta oraindik kalte ordainen zain gaude. Iruditzen zait Eusko Jaurlaritza ez dagoela prest egindako kalte guztiak konpontzeko. Aldundiagaz, aldiz, hurbilketa edo tratu batera ailegatzeko eran egon gaitezkeela uste dut. Badugu eskaintza bat", azaldu du baserritarrak.

Beste biztanleetako batek dioenez, urte bukaeran jakinarazpen bat jaso zuten, kalte ordain gisa aurkeztu beharreko elementuen zerrenda bat eskatuta. "Zoratzekoa izan da. Balorazioa haiek [Eusko Jaurlaritzak] egin barik, guk egin behar izan dugu. Hemengo baserri bateko peritoari eskerrak egin dugu aurrera, berak lagunduta. Txostena bidali genuen, baina oraingoz ez dugu erantzunik jaso. Dena airean dago oraindino. Luzerako joango dela dirudi. Hau adar jotze bat da. Eusko Jaurlaritza ez da agertzen, ez dugu bere berririk", adierazi dute besteak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!