Olazar pilota txapelketa

Gaminde lau eta erdian eta Zubizarreta-Lizeaga binaka Etorkizuneko Olazar Pilota Txapelketako finalera sailkatu dira

Anboto 2023ko abe. 15a, 09:19
Gaminde de eta Zabaleta atzoko neurketaren hasieran.

Atzo Zaldibarko pilota txapelketako bigarren finalerdiak jokatu zituzten.

Emakumeen lau eta erdian Enara Gamindek 22-20 hartu zuen mendean domeka honetan Master Laboral Kutxa txapelketako finala jokatuko duen Goiuri Zabaleta leitzarra. Partidu oso borrokatuan, Zabaleta aurretik joan zen hasieran (5-7), eta Gamindek aurrea hartu zuen bigarren zatian: 17-11. Hala ere, Zabaletak ez zuen amore eman eta azken unera arte garesti saldu zuen porrota.

Binakako partiduan ere lan asko eginda lortu zuten finalerako txartela Zubizarretak eta Lizeagak Ariztegiren eta Apeztegiaren aurka: 22-17. Partiduko lehen erdia oso orekatua izan zen. Bigarrenean aldetxoa hartu zuten irabazleek eta horri eutsi zioten.

Atzo finalera sailkatu zirenen aurkariak datorren eguenean, 21:30ean, erabakiko dira. Emakumeen lau eta erdian Etxegaraik eta Garaik neurtuko dituzte indarrak eta binaka Murua-Cuairan eta Alberdi-Gabirondo bikoteek. ANBOTOko webgunean zuzenean ikusi ahalko dira partidu biak.

Gizonen lau eta erdiko finalista biak erabakita daude. U.Amianok eta Etxeberriak jokatuko dute, Irribarria (22-21) eta Apezetxea (22-18) menderatu ostean, hurrenez hurren. Finalerdiak joan zen astean jokatu zituzten.

Atzoko finalerdien zuzenekoa LOTURA HONETAN ikusi daiteke. Etorkizuneko Olazar Pilota Txapelketako jardunaldi denen informazioa, berriz, LOTURA HONETAN eskuratu daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!