Amaia Aldaik eta Goiuri Zabaletak belaunaldi biren arteko finala jokatuko dute domekan, Durangon

Anboto 2023ko abe. 13a, 19:21

Gaurko aurkezpeneko irudia, Durangoko pilotalekuan.

Lau eta erdiko azken txapelketa biak irabazi dituen Aldaik 14 urteko Zabaleta izango du aurkari kaiolan, Master Laboral Kutxa txapelketako finalean.

Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuak lau eta erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako finala hartuko du domekan, 12:00etan. Amaia Aldaik eta Goiuri Zabaletak jokatuko dute final hori. Atariko partidu bat ere egongo da binaka: Olatz Arrizabalaga eta Enara Gaminde Leire Garairen eta Miriam Arrillagaren kontra. Sarrera doakoa da frontoiko edukiera bete arte: 750 pertsona.

Final nagusian ikusmin handia dago belaunaldien arteko talkan garaile nor irtengo den jakiteko. Gorriz Amaia Aldaik jokatuko du, 23 urteko dimoztarrak. Azken urte bietako txapelduna eta gaur egungo izarrik handienetakoa da. Urdinez Goiuri Zabaleta arituko da, 14 urtegaz kirol honen etorkizuna eskuetan duela dirudien leitzarra. Finalerdiak Traña-Matienan jokatu zituzten eta hara joan zirenek bertatik bertara ikusi zuten finalista bien maila. Aldaik 22-3 irabazi zion Miriam Arrillagari. Dimoztarrak goitik behera agindu zuen, saketik bertatik hasita: hamar tanto lortu zituen sakez. Bigarren finalerdia beste era batekoa izan zen: oso orekatua eta gogorra. Goiuri Zabaletak sorpresa eman zuen Leire Garairi 22-19 irabazita. Tantoak amaitzeko abilezia aurretik ere erakutsia zuen, baina bestelako dohainak ere plazaratu zituen finalerdian: gaitasuna partidu gogorrari fisikoki eusteko, eta odol hotza presioari aurre egiteko.

Finalista bien adierazpenak

Aldaik final laurdenetan ekin zion txapelketari eta beste pilotari batzuek baino denbora gehiago izan du lau eta erdikoa prestatzeko. Sasoian aurkitzen dela adierazi du gaurko aurkezpenean. "Indartsu nator. Sakean asmatzen nabil eta baita pilotari abiadura ematen eta tantoak amaitzen ere". Hala ere, ez da aurkariaz fidatzen. "Merezimendu osoz lortu du finalera heltzea eta bera ere txapela janzteko hautagaia da".

Zabaletak bide luzeagoa egin behar izan du finalera heltzeko, debutaria delako. Lehenengoz jokatuko du buruz buruko final bat. Txapelketa honetan kanporaketak gainditu ahala "konfiantza hartzen" joan dela adierazi du. Leitzatik zaleak etorriko dira, beste txapelketa batzuetara joan diren moduan, eta "eskerrak" eman dizkie euren babesagaitik.

Arratsaldean lau final

Durangokoa egun guztiko pilota festa izango da, arratsaldean, 16:00etatik aurrera, beste lau final jokatuko direlako. Pilota goxuan final bi daude: gazteetan Ainitze Arratibel Ezki Ariztiren kontra, eta nagusietan Nagore Aramendi Sonia Irisen aurka. Pilota mistoko finalak honako hauek dira: gazteetan Onintza Galdos Malen Lamadriden kontra, eta promesetan Lide Lopez Alejandra Bilyak-en aurka.

Gaurko aurkezpenean, finalistez gain, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Mikel Ortega Durangoko Kirol Zinegotzia, Álvaro Parro Laboral Kutxako ordezkaria, eta Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaria izan dira. Elkoroiribe alkateak "zorte ona" opatu die finalistei eta pilota zaleei dei egin die domekan frontoira joateko eta pilotariei "babesa eta animoak" emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!