“Obrak Ermuan izan arren, Eitzagan eragiten dute, eta bertakoak ahaztuta sentitzen gara”

Aritz Maldonado 2018ko urr. 3a, 11:00

Eitzagako bizilagunak "nekatuta" daude azken urteetako obrekin auzoari ematen ari zaion trataeragatik. Kamioien joan-etorriak, espazio publikoaren okupazioa, pitzadurak bidean... Hamaika dira egunero bizi dituzten trabak, eta horiek konpontzeko eskatu diete Zaldibarko eta Ermuako udalei, Bizkaiko Aldundiari eta Euskal Trenbide Sareari (ETS). Bizilagun horietako bat da Oskar Morales.

Zer suposatu dizuete obrek?
Saihesbidearen obrak amaitu dira, baina ETSren tuneleko lanek hor jarraitzen dute. Obrako lanik handienak amaitu dituzte, baina oraindik egunero sufritzen dugu eragina. ETSk ez ditu betetzen hartu zituen konpromiso minimoak ere. Saihesbidekoek gehiago zaindu gaituzte, baina, hala ere, errepide bat guztiz pitzatua utzi dute, eta ez dakigu konponduko duten ala ez.

Zeintzuk dira ETSren konpromiso horiek?
Ahal den neurrian, auzotik ez zirela pasatuko, adibidez. Kamioiak hemendik igaro eta buelta ere ematen dute; joan-etorria eguneroko kontua da. Etxeen aurretik ez zirela pasatuko, eta gauez lanik ez zutela egingo ere esan zuten, baina berdin jarraitzen dute. Kaltea egina dago, baina, behintzat, obra amaitu arte geratzen den hileetan gu errespetatzea eskatzen dugu. Azpikontratek ere bete beharko lituzkete arauak. Baita udalek ere. Obrak Ermuan izan arren, eragina Eitzagan jasaten dugu; eta, aldi berean, Zaldibarretik urrun gaudenez, gutaz ahaztu dira guztiak.

Baztertuta sentitzen zarete?
Zaldibar hemen amaitzen da, eta hor alboan Ermua hasten da, baina inor ez da gutaz arduratzen. Inon ere ez gaudela ematen du. Udalek elkarri bizkarreratzen diote arazoa, eta ez dute bere gain hartzen Eitzagako ardura. Bitartean, baina, obrak ez dira amaitu, eta geu gara horiek kontrolatzen egon behar garenak. Langileek ez dituzte seinaleak errespetatzen, arduradunek ez dietelako ezer esaten askotan. Udaltzainik ez egotera, geuk egiten dugu lan hori. Hainbat kexa sartu ditugu, baina ez dute eraginik arduradunengan. Hitz politak entzuten ditugu, baina ez dute ezer egiten, eta nekatuta gaude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!