Saihesbide hau Ermuko eta Zaldibarko lurretan eraiki dute eta 4 kilometro eta 75 metroko ibilbidea dauka. Azpiegitura honek egunero N-634 errepideko 9.000 ibilgailu kenduko dituela herriaren erditik azaldu dute Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek.
Ermuko saihesbidea eskualdeko 75.000 herritarrek "gozatuko" duten azpiegitura berria dela azaldu du Bizkaiko Ahaldun Nagusiak. Aldi berean, Ermua eta Eibar arteko, Bizkaia eta Gipuzkoa arteko konektibitatea hobetzen duen bidea da. Rementeriak adierazi duenez, lurraldeak "irabazi" duen beste obra handietako bat da: "Bizkaiak aurrera egiten du. Legegintzaldi honetan Gerediaga-Elorrio Saihesbidea, Autzaganeko Tunelak eta Ermuko Saihesbidea amaitu ditugu. Eskualde guztiek egiten dute aurrera".