17 urtez erretiratuta egon ostean, iaz auto lasterketen mundura itzultzea erabaki zuen eta apustuak borobil irten dio. Anartz Onandia kopilotuak lagunduta eta Mitsubishi EVO IXaren bolantean, oraindino ausardiaz gidatzeko kapaz dela erakutsi du. Ez dago beteranoari tokia kenduko dionik. “Ni ondo aurkitzen naiz. Beste urtebeterako bai, gutxienez. Erritmoa falta zaidanean neu izango naiz konturatzen aurrenekoa”, dio Barrenetxea-Arandok. Lehiakor sentitzen den bitartean “aurrera” egiteko asmoa du. “Normala den moduan, denbora joan ahala beteranoak beherantza joango gara eta gazteek, aldiz, gorantza egingo dute. Helduko da egun hori, baina oraingoz lehiakor ikusten dut neure burua”.
Erregulartasuna izan da iazko lorpena errepikatzeko gakoa. Bost lasterketa irabazi ditu (Gabiria, Hondarribia, Azkoitia, Karrantza eta Aramaio) eta gainerako bietan bigarren sailkatu da. Autoarekin arazorik ez izateak ere lagundu du. Iaz elektronika kontuek buruhauste bat baino gehiago eragin zien. Goierriko lasterketako istripuak ere ez zuen lagundu. Beraz, autoa orekatu zutenerako, geratzen zen dena irabaztea beste irtenbiderik ez zitzaien geratzen. Alde horretatik, aurtengoa denboraldi “erosoagoa” izan da. “Ez dugu istripurik izan, ezta iazko arazorik ere. Lasaiago ibili gara”. Aurtengoa aspaldiko txapelketarik laburrena izan da. Orain urte bi hamar lasterketa izan ziren, iaz bederatzi eta aurten zazpi. San Miguelekoa eta Zornotzakoa ez dituzte aurten antolatu.
Gernikako Rallyan urrian?
Bere kirol ibilbideko lehenengo etapan, Gernikakoa izan zuen Euskal Herrian parte hartzen zuen azkenengo rallya. Irabazi egin zuen. Urrian 20 urte egingo dira egun hartatik. Beraz, proba berezia da Berrenetxea-Arandorentzat eta aurten parte hartzeko tentazioa baduela dio. Ez du ezer erabakita, baina buruan darabil. Rallyen eta rallysprinten artean badago aldea. Ekonomikoa esaterako: gasolina, pneumatikoak… Beraz, kapritxoari bidea eman edo ez hausnartzen dabil.
Anartz Gandiaga eta Enrique Barrenetxea-Arando, garaipena amena dien auto erdian dutela.