uda lanean

“Heltzen garenean, jendea prest eta gogoz egoten da txosnak muntatzen hasteko”

Igor Galarza 2022ko uzt. 22a, 09:30

Udak zeozer badakar, ospakizuna da hori. Berrizen, Zornotzan, Otxandion, Mallabian, Mañarian... Durangaldean ez dago jai faltarik. Euskal Herriko gainerako herrietan ere ez. Txosnagunea ezinbestekoa da hainbat herritako eragileentzat. Gorka Zuazua Jai-Kiten dabil lanean, txosna-muntatzaile.

Nondik nora ibili zara asteon?

Santutxun (Bilbo) eta Santurtzin txosnak kentzen ibili gara, Elantxoben bat muntatzen… baina asteon kentzen ibili gara, batez ere.

Zenbat txosna ipintzen dituzu udan?

Ipini eta kendu, astean hamar bat izango dira. Uda osoan, 150 aldi izango direla kalkulatzen dut, 75 txosna.

Igarri duzu alderik pandemia aurreko eta oraingo erritmoan?

Ganorazko azkenengo udagaz alderatuta, 2019koagaz, orain topera gabiltzala igarri dut. Gainera, txosnagune inguruan giroak gora egin duela igarri dut, jendea gogotsu dabilela. Eta, entzun dudanagaitik, karpak muntatzen ibiltzen diren enpresak, soinu teknikariak, eta orokorrean jaiaren inguruan dabiltzanak topera dabiltza.

Hori ez da seinale txarra, behintzat.

Ez. Egia esan, espero baino hobeto doa uda. Jendea herriko jaietarako gogotsu dagoela ikusten da.

Jendeak zuen lana aintzat hartzen duela igartzen duzu?

Bai. Herri askotan, heltzen garenean, bertako jendea prest eta gogoz egoten da txosnak muntatzen hasteko. Gainera, oso giro ona egoten da eta asko eskertzen dute. Beste istorio bat da txosnak kentzea. Bat edo bi agertzen dira, baina giro ona egoten da.

Eguraldia da zuen areriorik handiena?

Hala da, bai. Ez da berdina 24 gradutan lanean ibiltzea, edo 34 gradutan. Horrelako beroak sekula ere ez ditugu izan. Gainera, 12 orduz lan egiten dugu. Egunotan bero larriak tokatu zaizkigu, baina hotza eta euria ez dira hobeak. Neguan euripean, lana apur bat luzatzen bada, eta busti-busti eginda bazaude... egun horiek ere gogorrak izaten dira. 

Zelakoa da txosna-muntatzaile baten uda? Zelan banatzen dituzue opor egunak?

Astetik astera dugu lanaren berri, eta, beraz, maniobra gutxi egin daiteke. Baina, normalean, asteburuetan jai izaten dugu, astebururako txosnak muntatuta egon behar izaten dute eta. Barikuak ere patxadatsuak izaten ditugu. Beraz, tira, horrek arnasa apurtxo bat hartzeko tartea ematen digu.

Langileok taldean zabiltzate uda osoan. Taldea osatzea garrantzitsua da.

Lagun taldea gara, denok ezagutzen dugu elkar. Denok sartu gara lanean ezagun bat edo lagun bat dagoelako bertan. Hori oso garrantzitsua da.

OPORRETAN EZ DOAZENAK (Beste elkarrizketa batzuk): 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!