uda lanean

“Prebentzio lanik egingo ez bagenu, 40-50 erreskate egin beharko genituzke egunero”

Igor Galarza 2022ko uzt. 22a, 09:30

Mikel Gonzalez geratu barik dabil lanean udan, begi-belarriak zoli. Jendeak aisia segurtasunez goza dezan arduratzen da. Zarauzko hondartzan sorosle lanetan dabil, eta uretako motoekin irteerak egiten ditu Zumaian.

Zarauzko hondartzako neurriak kontuan hartuta, lan asko egingo duzue.
Zarauzko hondartzak horixe du. Gu ohituta gaude 900 bat metro luze diren Bizkaiko hondartzetara, baina Zarauzkoak kilometro bi eta erdi ditu. Gainera, hondartza honetan ohitura handia dago surferako, eta jende asko dator horretara. Beraz, geratu barik gabiltza. Egun eguzkitsuetan, batez ere.

Zelan lan egiten duzue?
Zarauzko hondartzan surflari eta bainulari asko elkartzen dela da arazoa. Egoera hori kudeatzea ez da erraza izaten, surflariak olatua dagoen lekuan ipini behar dituzu eta. Bainularia ezin da edozein lekutan libre bainatu, korronteak itsaso barrura eramango lituzke eta. Olatuek hondartzara bueltatzen laguntzen dute. Gure lana prebentzioan oinarritzen da batez ere, prebenituz gero arazoari ateak zarratzen dizkiozulako. Horrela, beti egongo da erreskate gutxiago.

Zer gertatuko litzateke prebentzio lanik egin ezean?
Prebentzio lanik egingo ez bagenu, 40-50 erreskate egin beharko genituzke egunero. Eta bederatzi orduz gaude lanean. Fisikoki erronka handia izango litzateke hori. Hala ere, ez dugu polizia lanik egin gura. Une oro txistua jo eta jo bazabiltza, azkenean jendeak ez dizu jaramonik egingo. Garrantzitsua da bainulariek jakitea zergaitik mugatzen ditugun bainu guneak, eta zergaitik ipintzen ditugun bandera gorriak.

Sorosle lanak badu alde txarrik?
Bainulariak kexaka ibiltzen dira askotan, eguraldi onagaz surflarientzako gunea oso handia delako, eta eurena txikiagoa. Baina ez dakite surflariak egoten diren gune hori ez dela segurua bainularientzat. Surflariek taula dute lotuta oinean, eta, beraz, badute zeozer ur gainean egoteko. Bainulariek, ez. Hori da, beharbada, alderik txarrena. Gune batekoak bestera joaten direnean txistuka ibili behar izatea.

Soroslea ez ezik, monitorea ere bazara.
Bai. Uretako motoekin irteerak egiten ditut Zumaiako Redymar enpresan. Gure ibilbideak ditugu, eta zelan gidatu behar den eta abar erakusten dugu. Bezeroak behin probatzen duenean, uretako motoak arrakasta handia izaten du. 16 urtetik gorakoek gidatu dezakete, baina familiak ere etortzen dira.

Zelako irteerak egiten dituzue?
Motoak eskaini dezakeen gozamenaz gainera, Zumaiako Flyschera eta halako lekuetara joaten gara. Euskal Herrian daukaguna pribilegio bat da. Horregaitik, motoan ibili eta bainu bat hartzeaz gainera, Euskal Herriko kostaldea ere erakusten dugu.

Joaten zaizue Durangaldeko jendea?
Bertakoak zein kanpokoak datoz. Esaterako, joan zen astean katalanak, frantsesak, Arrasateko kuadrilla bat… izan genituen. Berriztik eta Abadiñotik ere etortzen dira. Ezagutzen naute eta badakite non lan egiten dudan.

OPORRETAN EZ DOAZENAK (Beste elkarrizketa batzuk): 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!