Zelan duzue agenda?
Abuztu osoa gogorra dator, baina lanean aritu gara datorrena aurreikusten. Hala ere, olaturik handiena Aste Santuan etortzen da, denak batera agertzen dira eta. Udan sakabanatuago datoz, eta uda ostean asteburuetan egoten da lana.
Zelakoa da Angosto kanpina?
Oso handia da orain, pandemia garaian handitu egin genuen eta. Aukera asko dago bertan: hiru igerileku, sauna, umeentzako zinema, jatetxea... Naturaren erdian dago, baina herrigunetik gertu, 900 bat metrora.
Eta zelakoa da horrelako inguru batean lan egitea udan?
Itzela! (barrez). Lan pila bat dugu, baina beste lasaitasun bategaz lan egiten dugu. Mendiaren bihotzean ez dabil kotxerik, eta hiriguneko zarata horretatik ihes egitea lortzen duzu.
Zelan heldu zinen Gaubeara?
Hogei urte pasatu dira hona lehenengoz etorri nintzenetik. Zuzenean etorri nintzen kanpinera, bizitzera eta lanera. Gero, sasoi batean alde egin nuen, baina orain dela hamaika urte bueltatu nintzen.
Alde galanta egongo da Durangoren moduko herri batean bizi edo mendi inguruan bizi.
Niretzat aldaketa ez zen hain handia izan, San Rokeko baserri batean bizi nintzen eta. Joan nintzen garaian, Durango demografikoki handitzen hasi zen. Beraz, jauzia ona izan zen niretzat. Hori bai, bakarrik egotea gustatzen ez bazaizu, saltoa handia da. Hemen negua gogorra da, elur asko egiten du eta bakarrik egoten gara. Bailara guztian 900 bat lagun gaude erroldatuta, baina neguan 500 bat baino ez gara bizi bertan. Gure kanpinean, Durangoko kale batean beste biztanle dago.
Zelako esperientzia da zure lantokian bizitzea, oporretan dagoen jendeagaz?
Gu ere ia-ia oporretan gaudela sentitzen dut. Ez dugu jenderik ikusten urte osoan, eta azken urteetan Durangoko jende asko etorri da kanpinera. Gertuko jendeagaz hortxe sortzen da lotura, guk ez dugu astirik-eta Durangora joateko. Durangotik jende mordoa etortzen da.
Zuen etxeko ateak zabaltzen dituzuela sentitzen duzue?
Gure bizitza osoa kanpinean oinarritzen da. Kanpotik datorren jendeak alegrantzia ematen digu udan. Jenderik etorriko ez balitz, penaz hilko ginateke kanpinean.
OPORRETAN EZ DOAZENAK (Beste elkarrizketa batzuk):
- Gorka Zuazua otxandiarra, txosna muntatzailea: “Heltzen garenean, jendea prest eta gogoz egoten da txosnak muntatzen hasteko”
- Miren Amuriza bertsolari berriztarra: “Oraingoz, udan okupatuta egotea albiste ontzat hartzen dut”
- Mikel González sorosle berriztarra: “Prebentzio lanik egingo ez bagenu, 40-50 erreskate egin beharko genituzke egunero”