Lotu duzu udako agenda?
Gutxi gorabehera, bai, lotu dut. Ekainean bertigoa sartzen zaigu urtero, "nitaz ahaztu dira" pentsatzen dugu, baina, gero, etorri dira saioak. Uztailean gutxitxoago, beharbada, baina abuztuan baditut saioak, betiko antzera.
Gogotsu zaude udari begira?
Denon moduan nagoela esango nuke. Ni ere zain egon naiz uda noiz ailegatuko, ikasturtean zehar denbora faltagaitik egin ez ditudan gauzak beste erritmo eta beste patxada bategaz egiteko, batez ere idazketari begira. Askotan, urtean zehar badituzu arratsalde solte batzuk libre, baina ez da berdin lan egiten.
Geratu barik ibiliko zara, baina.
Betikoa da. Lehen esandakoari udako saioak batzen zaizkio, eta, udazkenera begira, izendaezina den mamu hori (Bertsolari Txapelketa Nagusiagaitik) prestatu behar, hori ere badator eta.
Bertso saioen kopuruak nabarmen egin du gora. Zuk ere igarri duzu?
Kopuru aldetik, iaz ere gauza dezente antolatu zen. Pandemiaren eraginez, saio musikatuak eta aretokoak nagusitu ziren hile horietan, udan ezohikoak badira ere. Aurten, beste formatu batzuk berreskuratu dira: jaietakoa, poteoetakoa, kale girokoa...
Ingurukoak asko zorabiatzen dituzu oporretan?
Norberari baino eragiten ez badio, tira. Inguruan dituzunen planak hankaz gora ipintzea da arazoa. Oraindino behintzat ez dit karga handirik suposatu. Oraingoz, udan okupatuta egotea albiste ontzat hartzen dut. Ingurukoek beste erantzun bat emango lukete, beharbada. Batek daki (barrez).
Udan, gurago duzu jai giroko saioetan abestu?
Saioa ondo badoa, berdin digu areto batean zein kale kantoi batean abesten egon. Esango nuke aurten sokak nasaitzeko premia dugula, formatu antolatuetatik irten eta libreago aritzeko beharrizana. Bai saioei, bai gaiei dagokienez. Bakeroetako botoia askatzeko sasoia da uda, nasai ibiltzekoa.
Aurten Txapelketa Nagusia dator. Badu eraginik udara begira?
Denoi eragiten digu, kontrakoa gura badugu ere. Txapelketa urteko udak bere alde ona ere badu. Bertsolariok esperimentatzeko baliatzen ditugu plazak. Nor dabilen gehiago entrenatzen ikusteko ere balio du, eta nor dabilen lasaiago ikusteko. Gutxi-asko, beti irteten du txapelketaren gaiak. Eta inork gogoraraziko ez balit ere, nik neuk gogoratuko nioke neure buruari. Batzuetan animatu egiten zara, eta beste batzuetan estutu. Jokoaren parte da eta norberak hartu behar dio neurria.
Aurpegi gazte berriak hasi dira agertzen plazan.
Aukera ona da ikusleentzat hasiberriak bertsotan entzuteko eta bertsolariontzat eurekin kantatzeko. Azkenaldian, hainbat hasiberrigaz tokatu zait kantatzea. Gure belaunaldikoen artean, hainbat bider irten du gai horrek, eta geroago eta sarriago aipatzen dugu. Pozgarria da aurpegi berriak plazan ikustea.
OPORRETAN EZ DOAZENAK (Beste elkarrizketa batzuk):
- Maider Arana durangarra, Gaubeako (Araba) Angosto kanpingeko behargina: "Abuztu osoa gogorra dator, baina lanean aritu gara datorrena aurreikusten"
- Mikel González sorosle berriztarra: “Prebentzio lanik egingo ez bagenu, 40-50 erreskate egin beharko genituzke egunero”
- Gorka Zuazua otxandiarra, txosna muntatzailea: “Heltzen garenean, jendea prest eta gogoz egoten da txosnak muntatzen hasteko”