Nik lan eta hik jai

“Kanpotik datozenak harrituta geratzen dira hemen dugun aniztasun natural eta kulturalagaz”

Anboto 2021ko uzt. 23a, 09:30

Mikel Sanchez Bengoak (Otxandio, 1994) Otxandioko informazio puntuan lan egingo du uda honetan. Iaz ere bertan aritu zen. Eguaztenetik domekara zabaltzen dute bulegoa.

Noiz ipini duzue martxan informazio puntua?
Uztailean ipini genuen martxan.

Zelan doa?
Iaz, turista euskaldun asko izan genituen, gertukoak. Aurten, estatutik edo Europatik datozen turistak lehenago etortzen hasi dira.

Zein zerbitzu eskaintzen duzue?
Informazio puntu bat daukagu. Turistei informazioa eskaintzen diegu, herriko historia edo herriak ezagutzeko. Mendi bueltaren bat edo ibilbideren bat ere egin gura izaten dute. Gainera, Urkiolako eta Gorbeiako parke naturalak gertu ditugu. Beraz, inguru honetan plan asko egin daiteke.

Beraz, udan dena ez da hondartza.
Kanpotik datozenak harrituta geratzen dira hemen dugun aniztasun natural eta kulturalagaz. Hala ere, turista batzuk bi edo hiru egunean egoten dira hemen, eta gero kostaldera joaten dira. Beraientzat garrantzitsua da gertutasuna. Hemen egon zaitezke eta 40-50 minutura kostaldea daukazu.

Zer da jendeari gehien interesatzen zaiona?
Otxandiora datozenek mendi ibilbideak ezagutu gura izaten dituzte. Bestalde, Otxandiok historia handia du gerra zibilaren inguruan. Orain urte batzuk, udalak Gerra Zibileko lorratzak ibilbidea egin zuen. Panelak daude ibilbidean zehar, eta gerra zibila Otxandion zelakoa izan zen kontatzen da bertan.

Jendearen oporrak lana dira zuretzat. Zelan daramazu hori?
Astelehen eta martitzenetan bulegoa itxita egoten denez, atseden hartzeko aprobetxatzen dut. Gustura nabil lanean. Ondo sentitzen naiz informazio puntuan jendeari laguntzen.

Aldea dago iaztik aurtengo urtera?
Oraindino goiz da hori jakiteko.  Gure informazio puntua txikia da eta iaz, kasu batzuetan, neuk irteten nuen informazioa ematera. Oraingoan, ematen du jendea lasaiago sartzen dela.

Irakaslea zara. Zelan uztartzen dituzu lan biak?
Irakaskuntzan lanean hasi naiz. Uda partean lanik egiten ez dudanez, tartetxo hau hartzen dut. Ea irailean irakaskuntzan ordezkapenen bat edo beste aukeraren bat irteten zaidan.

HIK LAN, ETA NIK JAI

Honako hauek ere elkarrizketatu ditugu:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!