Nik lan eta hik jai

“Konfinatuta egon den jendearen txakurrak zaintzeko aukera bat izan gara”

Jone Guenetxea 2021ko uzt. 23a, 09:30

Aitziber Agirre Abaitua (Berriz, 1977) albaitariak Neberondo txakurren egoitza dauka Larrinagatxun. Lanez lepo dabil egunotan. Inoiz baino "mugimendu" handiagoa dagoela dio. 

Zelan dator uda txakurrak zaintzeko duzuen espazioan?
Topera dator. Aurten jendeak opor beharrizana dauka eta ematen du ahal duten guztiak kanpora joango direla.

Aurten lan gehiago duzue?
Durangaldean abuztuan beti izaten dugu lan asko. Automozioko enpresa asko dago eta abuztuan zarratu egiten dutenez, jende asko joan egiten da. Baina, aurten, mugikortasun mugak kendu dituztenetik, asteburuetan jendearen joan-etorria asko hazi dela igarri dugu. Bestalde, jende askok aurreratu egin ditu oporrak, badaezpada. Etorri daitekeenaren beldurrez-edo, beste urte batzuetan baino askoz ere lehenago hasi dira mugitzen. Ekainean bertan jende asko kanpora joan da.

Zein zerbitzu eskaintzen duzue?
Albaitaria naiz, eta, beraz, albaitaritza zerbitzua eskaintzen dut. Horrez gainera, txakurren egoitza daukagu. Egunetarako zein asteetarako ekartzen dituzte txakurrak. Bakoitzak behar duenaren arabera moldatzen gara.

Hotel bat izateaz gainera, txakurrak egunpasa ere joaten dira.
Jendea etxetik lanean ibili denean, bezeroen pentsakera eta beharrizanak aldatu egin dira. Txakurra egunean zehar etxean atenditu ezin dutenek eguna pasatzera ekartzen dute, eguneko zentro bat izango balitz legez. Han solte ibiltzen dira eta mendira eramaten ditugu paseoan.

Zenbat urte daramatzazue? Zerbitzuak zein bilakaera izan du?
Zerbitzua antzera eman dugu. Jendearen beharrizanetara moldatzen gara. Baina gauza batzuk aldatu egin dira. Lehen, arrazoiren bategaitik txakurra etxean eduki ezin zuenak ekartzen zuen. Txakur horiek gure egoitzan bizi dira. Eta jabeak txakurra bisitatzera etortzen dira. Bestalde, etxean obra handi bat egiten dabiltzanen kasua dago esaterako, edo familian gaixotasun baten eraginez txakurra zaindu ezin dutenak. Urte hauetan Durangaldean txakur kopurua esponentzialki handitu egin dela igarri dugu. Egun pasarako aukera planteatu ere ez genuen egiten lehen, baina, orain, beharrizan hori duten bezeroak ditugu.

Zelan lan egin duzue pandemian?
Konfinatuta egon den jendearen txakurrak zaintzeko aukera bat izan gara. Eurek ezin zuten txakurra kanpora atera. Beraz, etxeetara joan izan gara txakurrak jasotzera. Konfinamendu sasoi hori txakurrek gugaz pasatu dute. Bestalde, erizainen txakurrak ere izan ditugu. Hainbeste egunean topera ibili dira lanean, eta hain nekatuta amaitu dutenez, euren txakurrak ere izan ditugu gure zaintzapean.

Eta zure oporrak, noizko?
Ekainean joaten naiz, umeek oporrak hartzen dituztenean.

Uda sasoia txakurrak gehien abandonatzen dituzten sasoia da.
Konfinamendu sasoian jende askok txakurra hartu du etxean. Baina kontuan izan behar da oporretan eta eguraldi txarragaz txakurrek hor jarraitzen dutela. Ez da kapritxo bat. Txakur bat zure bizitzan sartu aurretik, ondo pentsatu behar da. Pentsatu behar dute zenbat denbora duten txakurragaz egoteko, eta baita ere txakur horrek dituen beharrizanak zeintzuk diren. Ardura bat da.

HIK LAN, ETA NIK JAI

Honako hauek ere elkarrizketatu ditugu:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!