Zelan doa uda hasiera Durangoko igerilekuetan?
Eguraldi txarragaz hasi da uda. Denerik egoten da. Ekainean euria izan dugu. Orain hobetzen dabil. Bestalde, ikusten nabilena da pandemiaren eraginez jendeak gutxiago kontsumitzen duela. Jendeak etxetik ekartzen ditu gauzak. Gainera, 15:00etan itxi egiten dute igerilekua, goizeko txandakoak irten daitezen. Horrek eragina du bazkarietan. Ostalaritzarako ez da urte ona.
Baduzue eskaintza berezirik?
Urtebetetzeak egiten ditugu. Gainera, jendea 21:00ak arte geratu daitekeenez, pizzak ere eskainiko ditugu.
Zelan sortu zaizu taberna hau kudeatzeko aukera?
Ni aktorea naiz. Urte gogorra izan da artista guztiontzat. Irailetik aurrera espektakulu berri bat egin gura dut. Aktore denok ostalaritzan ibilitakoak gara inoiz. Banuen esperientzia Elorrioko igerilekuetan, eta baita Durangokoetan ere taberna kudeatzen, eta neure burua aurkeztu nuen. Udan lan egitea da nire asmoa, eta irailetik aurrera nire kultur jardunera bueltatzea.
Zure oporrak, noizko?
Irailaren amaierarako, baina hori ez da arazo niretzat. Jendea abuztuan joaten da, eta horixe da hilerik txarrera edonora joateko. Irailetik aurrera nire espektakuluagaz jarraitu gura nuke.
Pandemiak zein eragin izan du zure aktore lanean?
Nik formatu txikiko ikuskizun bat daukat. Eskupido amor izena dauka. Gatxa izan da. Aretoen aforoa mugatua izan da, gauza asko ez dira antolatu, eta programatzaileek ere ziurgabetasun handia izan dute. Urte arraroa izan da. Nik gurago nuen lan egin diru laguntzak eskatu baino. Gero esango dute artistak ez garela langileak! Bizimodu eta ordutegi desberdinak ditugunez, jendeak ez du gure lana baloratzen.
HIK LAN, ETA NIK JAI
Honako hauek ere elkarrizketatu ditugu:
- Mikel Sanchez Bengoa. Otxandioko informazio puntuko langilea: "Kanpotik datozenak harrituta geratzen dira hemen dugun aniztasun natural eta kulturalagaz".
- Aitziber Agirre albaitariak Neberondo txakurren egoitza dauka Larrinagatxun: "Konfinatuta egon den jendearen txakurrak zaintzeko aukera bat izan gara".
- Igor Iglesias soinu teknikaria: "Gauzak aldatzen dabiltzala dirudi. Apurka-apurka jaialdiak eta horrelakoak antolatzen hasi dira".