Zelan dator uda?
Geratu barik nabil lanean, kontzertuetan zein antzerkian. Baina, egia esan, jende asko lanik barik egon da sektore honetan. Orain badator lana, jaialdiak eta kontzertuak batez ere. Gauzak apur bat aldatzen dabiltza.
Zertan arituko zara lanean?
Durangoko Udalaren kultur programazioan arituko naiz, muntaian laguntzen eta baita produkzioan ere. Nogen taldeagaz, Bulegogaz eta Olatz Salvadorregaz ere arituko naiz. Antzerkian, proiektu berri bat sortzen ari gara eta Portugalen ibili gara prestatzen. Egitasmo hori azaroan aurkeztuko dugu.
Kultur arloan, zelako ikasturtea izan duzue?
Iazko neguan, Nogen taldeagaz hasi nintzen. Abendutik martxora bitartean 30 kontzertu egin genituen. Beraz, alde horretatik nahiko ondo hasi nuen urtea. Gauzak aldatzen dabiltzala dirudi. Apurka-apurka jaialdiak eta horrelakoak antolatzen hasi dira.
Oporrak noizko?
Oporrak irailean hartuko ditut, aste horretan ez dagoelako ekitaldirik. Astebete inguru izango da. Baina uda lan egiteko aprobetxatuko dut.
HIK LAN, ETA NIK JAI
Honako hauek ere elkarrizketatu ditugu:
- Mikel Sanchez Bengoa. Otxandioko informazio puntuko langilea: "Kanpotik datozenak harrituta geratzen dira hemen dugun aniztasun natural eta kulturalagaz".
- Aitziber Agirre albaitariak Neberondo txakurren egoitza dauka Larrinagatxun: "Konfinatuta egon den jendearen txakurrak zaintzeko aukera bat izan gara".
- Aitziber Izquierdo Garaizabal elorriarrak Durangoko Tabirako igerilekuetako taberna hartu du: "Pandemiaren eraginez jendea gutxiago kontsumitzen dabil".