Mañaritik Atxetara mendi probak interesa piztu du

Anboto 2024ko ira. 20a, 09:09

Zapatu honetan, Mañaritik Atxetara mendi lasterketaren estreinako aldia izango da. Urte hasieran lasterketa lehenengoz iragarri zutenetik hona, interesa piztu du eta hori izen ematean islatzen da. Probak 373 parte hartzaile batuko ditu guztira: 121 korrikalari proba luzean, 170 laburrean, eta 80tik gora martxan. "Harrerak harritu egin gaitu. Oso pozik gaude", adierazi du Mikel Larrañagak, probako antolatzaileetariko batek. 

Ibilbide luzea, 42 kilometrokoa, ez da txantxetakoa: 3.800 metroko desnibel positiboa eta makina bat tontor ditu: Artatxagane, Leungane, Astxiki, Urkiolamendi eta Untzillatx, besteak beste. Distantzia horretan, Euskal Herriko probarik gogorrena da, antolatzaileen eta Oihana Azkorbebetia korrikalari abadiñarraren ustez. Horrek hauspo luzeko korrikalarien arreta bereganatu du. Izan ere, 22 kilometro bueltako proba asko dago sasoi honetan —Sorginen Lasterketa, Gorbeia Suzien, Aramotz mendi lasterketa…— baina maratoi distantziakoak, ez hainbeste. Arrakastaren beste arrazoi bat ibilbidea bera da; korrikalarientzat, "erakargarria" ez ezik "entretenigarria" ere badela uste du Larrañagak. "Mañaritik Atxerara probak duen pareko desnibela aurkitzeko, Pirinioetara edo Europako Tontorretara joan behar duzu, eta han igoerak eta jaitsierak oso luzeak dira. Eta hori astuna izan daiteke. Mañaritik Atxetara proban, ostera, igoerak eta jaitsierak ez dira hain luzeak, eta entretenigarriagoak dira. Pirinioetako desnibela dago, baina beste profil bategaz", gaineratu du Larrañagak.

Ibilbideko tarte batzuk ez dira ezagunak. Esaterako, ohikoa ez den bide batetik igoko dira Astxikira. Tarte horretan, uda partean, "jende asko" ikusi dute ibilbidea ezagutzen eta bertan entrenatzen. "Orain hile batzuk handik ez zen inor ikusten, eskalatzaileren bat akaso, eta orain jendea badabilela ikusten dugu", esan du Larrañagak. Iker Etxebarria korrilaria da handik ibili denetariko bat. "Ibilbideagaz harritua zegoela esan zigun. Oso gogorra zela, baina baita ederra ere", aipatu du Larrañagak. 

Faboritoak
Lehiari erreparatuta, proba luzean hainbat izen nabarmendu daiteke, etxekoetatik hasita. Gizonetan, Erlantz Zaldunbide iurretarrak behin baino gehiagotan erakutsi du distantzia luzeetarako duen gaitasuna; Asser Alonso atxondarra ere txispagaz dabil, Sorginen Lasterketako 10. postuak erakusten duen moduan. Aitor Zunzunegi legorretarra, Iker Etxeberria basauriarra eta Ibai Urrutia gernikarra ere faboritoen artean sartu beharrekoak dira. Emakumeetan, Oihana Azkorbebeitia da faborito nagusia, Ainara Arkarazo herrikideagaz batera (3. Sorginen Lasterketan). 

22 kilometroko lasterketan Ibai Cebrian durangarra eta joan zen asteburuan Sorginen Lasterketa irabazi zuen June Villaroel nabarmendu daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!