Kontuan hartu behar da mendi maratoiko korrikalaririk gehienek sei ordutik gorako lana egingo dutela. Lehenengoak baino ez dira sei ordutik jaitsiko, eta horien eta azken korrikalarien artean hainbat ordu joango dira. Gainera, maratoiko sari banaketa iluntzian izango da, 19:15ean, eta ordura arte askotariko ekimenak egongo dira herriko plazan. Goizean, 10:00etan, hiru probak hasi eta gero, umeen gunea zabalduko dute, Zuresku egur jolasekin. Eguerdian, hiru bertsolari arituko dira bertsotan: Miren Amuriza, Gorka Lazkano eta Eneko Abasolo. Arratsaldean, umeen lasterketak eta trikitilariak egongo dira. 19:00etan, mendi maratoiko azken lasterkariei ongietorria egitera batuko dira, eta segidan egingo dute sari banaketa.
Pantaila plazan
Lasterketa jokatzen den bitartean, herrigunean daudenek hari buruzko informazioa jasoko dute; izan ere, pantaila handi bat ipiniko dute plazan, eta, bertan, ibilbidean zehar boluntarioek grabaturiko bideoak eta argazkiak proiektatuko dituzte. Bideo deiren bat egiteko asmoa ere badute, unean uneko egoeraren berri emateko. Ildo horretatik, boluntarioen laguntza azpimarratu du antolatzaileetariko batek, Mikel Larrañagak. "Herriaren eta herritarren erantzuna sekulakoa izan da. Hain herri txikia izanda, 120 bat boluntario ditugu. Aurreikusten genuena baino askoz ere gehiago da. Herria oso inplikatuta dago eta hori pozgarria da", adierazi du.
Gaur bertan ere badago zegaz gozatu. 19:00etan Panoli kabareta antzezlana ikusteko aukera dago.
IRAILAK 21 - ORDUTEGIA: • 08:00 Lasterketa luzearen hasiera. • 09:00 Lasterketa laburragoaren hasiera. • 09:30 Mendi martxaren irteera (egunean bertan eman daiteke izena). • 10:00 Umeen gunea: Zuresku egur jolasak. • 12:30 Bertso saioa: Miren Amuriza, Gorka Lazkano eta Eneko Abasolo. • 13:00 Lasterketa laburreko sari banaketa. • 16:00 Umeen lasterketak. • 18:00 Trikitilariak: Petite eta lagunak. • 19:00 Azken korrikalariei ongietorria. • 19:15 Lasterketa luzeko sari banaketa. |