Gu Ta Gutarrak

[BIDEOA]: "Mañaritik Atxetara probako ibilbidea ederra da, astiro egitekoa eta teknikoa"

Joseba Derteano 2024ko ira. 20a, 09:09

Korrikalari biak entrenamendu saioa eginda heldu dira Mañariko plazan eguerdian ipinitako hitzordura. Oihana Azkorbebeitia Urizar (Abadiño, 1981) Mañaritik Atxetara probako ibilbidean ibili da. Irene Sarrionandia Unzueta (Zornotza, 1948) bizileku duen Deba inguruan. Lagunak dira eta besarkada estu bategaz agurtu dute elkar. Hasieran, Trail Valle de Tenako (Huesca, Aragoi) proba izan dute berbagai; biek parte hartu zuten han, iraileko lehenengo asteburuan. Sarrionandiak estuasun handia igaro zuen orduan, Garmo Negro mendian gora hipotermiak jota.

Une gogorra bizi izan zenuen, Irene. Zelan gogoratzen duzu gertaera?
I.S: Irteeran, megafoniatik esan zuten trumoia zetorrela arratsalderako, baina goizean egun ederra izango genuela goian. Guk goizean igo behar genuen Garmo Negro mendia. Gorantza nindoala, beherantza zetozen batzuei goian zer aro zegoen galdetu nien. Behelainoa zegoela eta hotz egiten zuela esan zidaten, baina haizerik ezetz. "Haizerik ez badabil… ondo", pentsatu nuen. Gero, euria hasi zuen. Eskularruak jantzi nituen, eta zira ere bai, motxilaren gainetik. Zenbat eta gorago, orduan eta hotz handiagoa sentitzen nuen. Haizea zebilen eta harrioste baten babesean arropa gehiago jantzi gura nuen, baina ez nuen leku egokirik topatu. Kontrolgune batera heltzea zen hurrengo helburua, han lagundu egingo zidaten eta. Bizkor-bizkor nindoan, arnasestuka. Kontrolgunea 20 metro eskasera ikusi nuen, baina ezin heldu! Dardara eta arnasestua nituen. Lurrera jausi orduko, etzan egin nintzen. Han zebiltzan mendizale, korrikalari eta antolakuntzakoek lagundu zidaten. Manta termikoa ipini zidaten, eta panazko praka handi batzuk. Galderak egiten zizkidaten etengabe, esna mantentzeko.

Zelan atera zintuzten handik?
I.S: Telefonoz batari eta besteari deitzen ikusten nituen. Eguraldi haregaz helikopteroa ezin zela haraino joan esan zuten azkenean. Hori entzunda, apur bat erreakzionatu nuen. Zutunik egoteko kapaz nintzela ikusi nuen, eta baita pausoak emateko ere. Itxura hartzen hasi nintzen apurka. Batek esku batetik eta beste batek bestetik helduta hasi nintzen mugitzen. Gero, esku batetik bakarrik, eta, ondoren, makila biak hartuta neu bakarrik. Umorea ere berreskuratu genuen, broma eta guzti. Helikopteroa zain geneukan beherago. Herrian, anbulantzian sartu eta helmuga ingurura eraman ninduten. Ez zidaten azterketa medikorik eta halakorik egin, eta horren falta igarri nuen.  Baina, tira, ondo nengoen eta hotelera joan nintzen. Ia normal nengoen. Biharamunean Peña Oroel mendia igo nuen familiagaz, Jaca inguruan.

Oihana, zuri gertatu zaizu antzeko egoerarik inoiz?
Oihana Azkorbebeitia: Bai, baina ez hotzagaitik, bero-kolpe bategaitik baino. Zegama-Aizkorrin izan zen, 2011n. 30 bat gradu zeuden Zegaman, eta helmugatik 200 metro eskasera proba bertan behera utzi behar izan nuen. Txarto ikusi nuen neure burua: ni hemen eta hankak aurrerago. Etzan egin behar izan nuen. Anbulantzian heldu nintzen helmugara. Ireneri baino gehiago kostatu zitzaidan errekuperatzea, bai fisikoki eta bai psikologikoki. Kontrola horrela galtzea… "Zelan gertatu zait hau?", pentsatu nuen. 

Irene, Garmo Negron gertaturikoaren ondoren, mendiagaz duzun hartu-emana aldatzea pentsatu duzu? 
I.S.: Ez, ez dit beldurrik utzi. Baina orain argi dut: jantzi arropa ahalik eta lasterren, ez utzi geroko. 

Zapatuan Mañaritik Atxetara lasterketan parte hartuko duzue biok. Gogotsu?
I.S.: Lasterketaren berri izan nuenean, "hau derrigorrez egin behar dut", pentsatu nuen. Izan ere, ama Atxarte baino goratxoago dagoen Intxalde (Intxaurralde) baserrikoa zen eta ni ere han bizi izan nintzen eskolan hasi arte. Eta ibilbidea bera ere, Astxiki, Larrano, Untzillatx… neuretzat propio egindako ibilbidea zirudien! Joseba nebak eta biok egingo dugu, 22 kilometrokoa. 

Ibilbidea gogorra iruditzen zaizu?
I.S.: Bai, gogorra da. Ibilbide ederra da, baina teknikoa eta astiro egitekoa. Hasieran, "tira, egingo dut", pentsatu nuen, "ez dira hainbeste kilometro ere". Baina, jakina, 2.000 metroko desnibel positiboa du eta Untzillatxeko jaitsiera txarra da niretzat, oso harritsua. Inguru horretan jende asko dabil eta harria oso janda dago, labana da. Errazago egingo dut igoera. Aurreikusitakoa baino denbora gehiago egitea ez da drama bat izango niretzat. Hori bai, Gatzarietatik araututako 50 minutuen barruan pasatzea gustatuko litzaidake. Ahalegina egingo dut behintzat! Bestela, beharbada hor izango dut neba, urritx-makila eskuan, "ez duzu itxiko kontrola", bultzaka esanez (barrez). 

42 kilometroko proba Euskal Herriko gogorrena izan daiteke distantzia horretan? Oihana, zuk zer deritzozu?
O.A.: Paraje hori oso ondo ezagutzen dut, baina igoera bi ez nituen ezagutzen. Bata, Astxikikoa, ohikoa ez den bide batetik igoko dugu. Oso polita iruditzen zait, eta benetan gogorra. Bestea Arrazolatik Zabalandirako igoera da. Andastotik barik beste bide batetik igoko gara. Kasu honetan ere, oso bide polita eta gogor-gogorra. Kontuan hartuta gero Untzillatx igo behar dugula, zazpi orduren bueltan ibiliko naizelakoan nago. Distantzia horretan, Euskal Herriko probarik gogorrena da, bai, dudarik barik.  

Zein probatan parte hartuko duzue Mañarikoaren ondoren? 
O.A.: Astebetera Gorbeia Suzienen, eta hurrengo Anboto Kilometro Bertikalean.
I.S.: Nik urtetxoetan egin izan dut Anbotoko bertikala, beti ordubetetik behera. Behin bost segundogaitik, eta orduan erabaki nuen "tira, nahikoa izango da" (barrez).  

Zuek hasi zinetenetik hona, asko hazi da emakumeen parte hartzea? 
I.S.: 51 urtegaz hasi nintzen mendian. Zegama Aizkorriko bigarren aldia izan zen nire lehenengo proba mendian. Harrezkero, urte batzuk joan dira, eta, bai, emakumeen parte hartzea asko hazi da. Poz handia ematen dit.
I.S.: Nire lehenengo mendi lasterketan hiru emakumek baino ez genuen parte hartu. Orduan nobedadea zen. Hasi ginenetik gaur egunera alde handia dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!