Enrique eta Leire Huerta: "Museoa familia proiektua izan da; hori barik ez litzateke posible izango"

Anboto 2014ko aza. 21a, 09:30

Heldu da eguna. Enrike Huertak (Durango, 1948) gaztetatik amestu duen natura-zientzien museoa astelehenean, azaroaren 24an, inauguratuko dute Mañarian, ‘Kirikiño’ idazlearena izandako etxean. Erakundeen laguntza barik, familia osoaren inplikazioagaz egin du aurrera proiektuak. Leire Huerta (Durango, 1978) alabak zerikusi handia izan du proiketu honen garapenean.


Noiz hasi zen hau guztia?
Enrike Huerta: Orain 52 urte inguru hasi nintzen, 14 urte inguru nituela. Museoaren ideia sortu zitzaidan, eta gaur egunera arte ibili naiz.

Familian zelan bizi izan duzue zaletasun hau?
Leire Huerta: Normaltasun osoz, jaiotzetik ezagutu izan dugulako. Txikitatik oporretan joan gara aitak materiala lortzeko lagun zituen arrantzale batzuen herrira edo museo bat ikusi gura bazuen, inguru hartara. Guk gure oporrak genituen, eta hondartzara joaten ginen, eta, bitartean, berak berea egiteko aprobetxatzen zuen.

Zenbat ale dituzue une honetan bilduta?
E.H.: 36.100 baino gehiago ditut informatizatuta une honetan. Asko txikiak dira, barraskilo txikiak, esate baterako. Beste batzuk, aldiz, handiagoak dira, sai bat edo lehoi eme bat, adibidez.

Hainbeste material izanda, museoan ikusgai jartzeko aukeraketa egingo zenuen, ezta?
E.H.: Kutxak zabaltzen joan naizen heinean, aukeratzen joan naiz. Orain lehenengo fasea zabaldu dugu, beheko solairuan, baina bigarren fasea hurrengo solairuan zabaltzen dugunean, besteak ere jartzen joango gara. Berez, obra guztia egiten dugunean, erakusketa goiko solairuan joango da, eta aldi baterakoa behean. Beraz, aldatzen joango gara.

Ale interesgarriak ikusi ditut museoan. Zein nabarmenduko zenuke zuk?
E.H.: Galdera hau egiten didatenean, zaila izaten da erantzutea. Nire ustez, interesgarriena museoan sartzen den azken alea izaten da. Ale bat lortzen saiatzen bazabiltza eta heltzen bazaizu, horixe da garrantzitsuena. Sarreran dagoen Japoniako karramarro erraldoiaren atzetik 25 urte eman nituen, eta orain dela gutxi heldu zait.

Ikerketa lana Enrikerena izan arren, familia proiektu bat da.
E.H.: Nire ideia beti izan da museo hau Durangon zabaltzea, baina ez da posible izan, Durangoko Udalak funtzionatu duen moduan funtzionatu duelako. Azkenean, guk geuk egitea izan dugu buruan. Leirek, nire alabak, eta Igor [Notario] suhiak beti izan dute baserri bat erosteko eta bertan landetxe bat egiteko ideia. Etxea handia izanez gero, kortan museoa egitea zen asmoa. Kirikiño idazlearen senitarteko batek etxe hau eskaini zidan, eta aurrera egin genuen. Igorrek egin du obra guztia. Eskulana berea izan da. Hori barik ezingo genuen ezer egin.

Erakundeetan, Durangoko Udalarenaz aparte, hainbat ate jo dituzu.
E.H.: Bai, Durangon ezin bazen, Durangaldeko beste herriren batean zabaltzea zen asmoa. Abadiño, Elorrio eta beste herri batzuekin ere hitz egin izan dut. Lekeition eta Gernikan ere izan nituen eskaintzak, baina urrunegi iruditzen zitzaidan, eta azkenean ez zen ezer irten.
L.H.: Mañariko Udalagaz harremanetan gaude. Ikustera etorriko dira, eta udalak jarrera ona du, ofizialki zabaldu arte, laguntzarik lotuta ez dugun arren.
E.H.: Laguntza horietan ondo legoke erakunderen batek hezitzaile bat eskaintzea, edo diru-laguntza bat eskaintzea pertsona horri ordaintzeko. Horrela, ikasleak datozenean, azalpenak emateko ardura hartuko luke. Hori oso interesgarria izango litzateke.

Zein ordutegi izango duzue?
Momentuz, aste barruan, goizetan itxita egongo da, eta ikastetxeetako taldeak hartuko ditugu, aurretiaz hitzordua hartuz gero. Arratsaldeetan, 17:00etatik 20:00etara irekiko dugu. Asteburuetan, berriz, zapatuetan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Eta domeketan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!