"Gazteek natura ezagutzea gurako nuke; ezin da maitatu ezagutzen ez dena"

Anboto 2012ko ira. 6a, 08:43

Urte askoan Natur Zientzien museoa zabaltzeko lanean dabil Enrike Huerta; bere azken proiektuari buruz mintzatu da. Hamabi urtegaz hasi zen oskolak eta karakolak batzen, eta hamalaugaz Durangon museo bat zabaltzeko ideia etorri zitzaion. Ahalegin asko egin ditu ordutik. Mañarian, Kirikiñoren etxea izandakoan planifikatu du azken proiektua, urte luzez udalekin museoaren ideiaren alde borrokatu eta gero.

Zelan doa Kirikiñoren etxeko proiektua?

Eraikina nire alabak eta suinak erosi dute. Esana zidaten baserri bat erosteko asmoa zeukatela, eta niri museorako lekua utziko zidatela. Ideia hori da; beheko solairua eta lehen pisua izango nituzke museoa atontzeko, baina nik egin behar dut. Orain gauden egoeran dirua lortzea ez da erraza. Mañariko Udalaren egoera ekonomikoa ez da onena, Foru Aldundikoek esan didate museoentzako ez dutela dirurik. Beste museo batzuk milioiak jasotzen dituzte, baina tira... Eusko Jaurlaritzagaz ere batu nintzen bere garaian. Erakusketa atontzeko %30 inguruko laguntza eman ahalko zidatela esan zidaten. Beheko solairuan zeozer xumea egiten hasi nahi dut, aldi baterako erakusketa txikiak, jendeak dagoena ikusten  hasteko behintzat, eta gero instituzioak ea animatzen diren.

 

Zure ideia beti izan da Durangon museoa zabaltzea.

Durangoko Udalagaz azkenean ezin izan dut ezer lortu, eta beste hainbat udalekin ere hartu-emanetan ibili naiz. Hamasei bat eraikinen aukerak egon dira. Uste dut lehenengo eskaintza 1985ean aurkeztu niola Ziarrustari, eta urteak pasa dira!

 

Urteotan material asko batu duzu. Zelakoa da museoan erakutsiko dena?

Abaniko zabal bat daukat, geologia, palentologia, botanika, ornodunak eta ornobakoak... Europan dagoen bildumetan dexentetxoena dela uste dut, museo handiak kontuan hartu barik.  Europako museo askotan egon naiz, eta hemen erakutsi ahalko litzatekeena ikusgarria da. Tamaina, forma, kolore eta marrazki ugari aurkeztuko lirateke, naturaren kontrasteak ikusteko.

 

Naturaren dibertsitatea...

Dibertsitatea berba ez zait askorik gustatzen niri. Dibertsitatea hor dago, inork berba hori erabili barik ere. Naturan dagoena aurkeztu gura dut, eta naturan beti egon da dibertsitatea. Gazteek batez ere natura ezagutu dezaten gurako nuke. Museoaren esloganak horrela dio: Maitatzen ez dena ezin da defendatu eta ezin da maitatu ezagutzen ez dena. Umetatik natura ezagutu eta baloratzen joanez gero, defendatu egingo dugu, baina ezer ezagutzen ez duen pertsonak ezingo du natura baloratu.

 

Noiz hasi zenuen bilduma?

Orain dela 52 urte hasi nintzen karakol eta oskolen bilduma egiten, hamabi urtegaz. Etxean oso naturazaleak izan dira eta umetatik transmititu izan didate hori. Hamalau urtegaz Donostiako akuariumera birritan edo hirutan joana nintzen, eta ez zegoen besterik. Banekien Miarritzen ere bazegoela bat... Eta pentsatzen nuen, zergatik ez daude gehiago? Zergatik ez dago Durangon museorik? Orain pentsatuta harrigarria da niretzako, baina hamalau urtegaz gauzak gordetzen hastea erabaki nuen, gerora Durangon museo bat zabaltzeko.

 

Zenbat espezie batu dituzu?

Azken datuak sartzen egon naiz egunotan eta 45.470 inguru dauzkat fitxatuta. Oraindik hainbat kontu dauzkat informatizatu barik. Kaxa pilo bat dauzkat biltegian. Leku berrian leku gehiago eta dena antolatzeko aukera edukiko dut.

 

Gauza asko trukatu egiten dituzu.

Japoniar batekin nabil orain, karramarro bat bidaltzekotan da. Munduko karramarro handiena da. Lortzeko oso gaitza da eta bidaltzeko ere gaitza izango da. Hankarik hankara lau metro neurtu ditzake. Bi eta erdikoa bidaltzen badit ere, ikusgarria izango litzateke aurkeztea. Hari Mediterranioko handiena bidali diot, metro eta berrogei ingurukoa, eta oraindik gauza batzuk bidaltzeko dauzkat. Trukerako geroago eta gauza gutxiago daukat baina hainbat lagun egin ditut mundu honetan.

 

1980ko hamarkadaren amaieran museoa zabaldu zenuen Mañarian.  Zelan gogoratzen duzu garai hura?

Mugimendu askoko garaiak ziren. Ikastetxeetatik deitzen zidaten, eta ni Maristetan irakasle. Libre nituen orduetan bisitak atontzen nituen, eta asteburuetan bestelako jendea etortzen zen. Hiru urte eta erdian 143 ikastetxe pasatu ziren. Jendea oso pozik zegoen. Itxasoko Museoa deitzen zen hasieran, eta galdezka hasten zitzaizkidan: “Ez daukazu saguzaharrik? Lororik ez daukazu?”. Baneukan, eta apurka-apurka gauza batzuk kentzen eta umeek eskatzen zuten animalientzako lekua egiten hasi nintzen. Horrela zabaldu zen nire bilduma. Ordutik gauza asko lortu ditut, eta hor nabil, erronkak lortzen.

 

Zein izan da azken erronka?

Denbora asko ezin lortuta ibili eta gero uda honetan tiburoi ezpata lortu dut.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!