Laster zabalduko dute natura-zientzien Hontza museoa

Anboto 2014ko urr. 2a, 09:30

Hegaztiak, armiarmak, tximeletak, krustazeoak, arrainak... Denetarik topatu ahalko da laster mañarian zabalduko duten natura-zientzien Hontza museoan. Enrike Huerta da proiektuaren bultzatzailea, eta egia bihurtuko da 14 urtegaz imajinatzen hasi zen espazioa. Hilabete baten bueltan zabaltzea posible ikusten du, baina ez du oraindik data ofizialik eman.


Kirikiño idazlearen etxean, Zumelaga eraikinean, prestatu du museoa. Urte hauetan guztietan batutako ondarearen erakusketa bat ipini du. “Nik jendearentzat egiten dut lan, ez niretzat”, azaldu du Huertak. Itsasoko animalietan da espezialista, baina fauna zabala dago ikusgai. Bertan dago, esaterako, Mañariko kobetan topatu zuten hartzaren hezurdura. Krustazeoen inguruko monografiko bat ere eskainiko du, eta tartean Japoniatik dohaintzan bidalitako karramarro erraldoi bat dago, 2,9 metrokoa.

1986an zabaldu zuen lehenengoz museoa Mañarian; hiru urtez iraun zuen, eta 6.000 lagunen bisitak jaso zituen. Gero, Durangon saiatu zen, baina ez zuen arrakastarik izan, “udalaren eta Aldundiaren laguntza faltagatik”. Mañarian eraikina erosi dute familiakoek, eta bertako udalagaz elkarlana edukitzeko esperantza du Huertak. Momentuz lehenengo solairua bakarrik egongo da zabalik, eta hurrengo fase batean goikora hedatu gura du, asko dauka eta erakusteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!