“Txapelketan zaleen babesa sentitu dut eta badakit finalean ere hor egongo direna”

Anboto 2023ko mar. 31a, 13:30
Argazkia: Foku

Aitor Elordik (Mallabia, 1996) binakako txapelketa nagusiko finala jokatuko du domekan, Iruñeko Navarra Arena pilotalekuan. Mallabiko pilotariak profesionaletako seigarren finala jokatuko du asteburuan. Aurreko guztiak promozio mailakoak dira, baina domekako hitzordua binakako txapelketa nagusikoa da. Zabaletak eta biek Laso eta Imaz izango dituzte kontrario. Finalaren atarian "lasai" dagoela dio eta argi dutela zein joko egin behar duten.

Joan zen asteburuan, finalerako sailkapena lortu ostean penatuta ikusi zintugun Xabier Tolosaren lesioagaitik. Lagun handia duzu?
Niri bakarrik ez. Esango nuke han geunden denoi eman zigula mina Tolosari gertaturikoak. Tolosa aspalditik ezagutzen dut. Bere lehenengo partiduak Biharko Izarrak txapelketan ikusi nituen. Kantxatik kanpora lagun handiak gara. Badakit, niri kostatu zaidan moduan, berari ere asko kostatu zaiona joan zen domekako moduko partidu bat jokatzea, aukera izatea, eta gertaturikoa pena izan zen. Horrelako kontuak kirolaren parte dira zoritxarrez, eta orain guztiz zentratuta nago finalean.

Finalera begira, zelan zaude fisikoki eta eskuetatik?
Ondo nago. Joan zen asteburuan, nahiz eta partidua hogeita bira heldu aurretik amaitu, ordura arteko sentsazioak oso onak izan ziren eta bete-betean helduko naiz finalera.

Hala ere, irudipena dut lehenengo fase bikain baten ondoren, finalerdietako ligaxkan apur bat gozakaitz ibili zaretela Zabaleta eta biak. 
Bai, ligaxkan baino gozakaitzago ibili garela uste dut neuk ere, baina neurri batean aurkariek emandako mailagaitik izan dela esango nuke. Finalera begira horrek ez nau arduratzen. Zabaletak eta biok badakigu ehuneko ehuna ematen badugu edozeini irabazteko kapaz garena eta horretan ahaleginduko gara. 

Finala Navarra Arenan jokatuko da. Jokatu duzu inoiz frontoi horretan? 
Bai, orain urte batzuk jokatu nuen, behin. Baina harrezkero denbora asko joan da eta frontoiko ezaugarriak ez nituen gogoan. Atzo bertan entrenatzeko aukera izan genuen eta apur bat ohitu ginen pilotalekura. Baina atzokoa alde batera utzita, han jokatzea nobedadea izango da. 

Laso eta Imaz izango dituzue kontrario. Ligaxkan euren kontrako partidu biak irabazi zenituzten: 22-8 eta 22-11. Bigarrenean Eskirozek jokatu zuen Imazen ordez. Finalerdietan, ostera, eurak nagusitu ziren, partidu estu batean: 19-22. Aurrekariak ikusita, non egon liteke finaleko gakoa? 
Final gogorra aurreikusten dut. Finalera heldu badira, zeozergaitik da. Ligaxkan ez ziren euren mailarik onenean ibili, baina finalerdietara oso ondo heldu dira. Behetik gora egin dute eta bikote arriskutsua dira. Irabazi gura badugu, gure mailarik onena eman beharko dugu. 

Promozio Mailan bost final jokatu dituzu, baina hauxe da aurrenekoa txapelketa nagusi batean. Horrelako txapel baten atarian egoteak urduritasun estra bat ematen dio finalari? 
Bueno, orain arte ez naiz urduri sentitu. Finalerdietan galdu genuen partiduak asko ikasteko balio izan zidan. Badakit finala bigarren partiduko mentalitateagaz jokatu behar dudana eta horretan ahaleginduko naiz.

Zein da mentalitate hori? Aukera duzunetan ausart jokatzea?
Bai. Mentalitate horri eskerrak heldu gara honaino. Argi izan dugu beti gure jokatzeko modua zein den, eta horregaz jarraitu behar dugu finalean ere.

Igartzen duzu final giroa Mallabiko kaleetan?
Asteek aurrera egin ahala igartzen da, bai. Pilota eskolako gazteekin egoteko aukera izan dut eta ilusionatuta daude. Txapelketa osoan zehar sentitu dut nire zaleen babesa eta badakit finalean ere hor egongo direna. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!