Arrazoia bata zein bestea izan, lesioa gertatu arte bete-beteko partidua jokatzen ari ziren, eta pilotazale guztioi uzkurtu zitzaigun bihotza Xabi, aurpegian inpotentzia ageri zuela, bi ukabilekin hausturaren imintzioa egiten ikustearekin batera. Izan ere, kariñoa erraz hartzen zaion kirolari horietakoa da gipuzkoarra: langilea, itzalpeko lanetan zaildua, inoiz keinu itsusirik egin gabea eta atsegina elkarrizketetan.
Horrela, pilota anoetarrarekin zorretan dago igandetik; itzuli diezaiola etorkizunean berak txapelketa honetan emandako guztia. Eutsi, Xabi!
Ezbeharrak ezbehar, txapelketari azken partidua gelditzen zaio eta zorigaitzeko gertaerak Aitor Elordi eraman du hau jokatzera. 22 tantora iristeko beharrik izan ez bazuen ere, mallabitarrak aurreko jardunaldian Labriten egindako partidu eskasak piztu zituen zalantzak uxatu behar izan zituen berriz ere: gainbehera etorriko ote zitzaion edo, jokoan hainbeste egonik, partiduaren presioa kudeatzeko gai izango ote zen izan ziren katedraren kezka nagusienak. Bada, hasiera baten berari ez zegokion roletik uxatu zituen, gainera. Bikotearen erantzukizuna bere gain hartu eta markagailuan zein jokoan aurkariek zuten aldea tantoz tanto eta errematez erremate murriztu zuen.
Argi dago gertatzen dena gertatzen dela merezitako bukaera izango duela Aitorren txapelketak, agerian utziz lau t’erdikoan egindakoa ez zela kasualitatea izan. Zorionak, Aitor!