Martxoak 8

Karmele Gisasola omendu dute Mallabian herri kiroletako lorpenengatik

Anboto 2021ko mar. 7a, 16:36

Aurten Euskadiko Ingude-jasotze Txapelketa irabazi du lehiaketa horretran inoiz egin den markarik onenarekin.

Herri kiroletan lortu duenarengatik eta Martxoaren 8aren harira, Mallabiko Udalak eta mallabitarrek Karmele Gisasola omendu dute gaur. Pilotalekuan egindako ekitaldian oroigarri bat eta lore sorta bat eman dizkiote. "Ez dut uste lorpen ikaragarririk lortu dudanik oraindik, baina pauso txikiak aurrera eman ditudan sentsazioa dut eta pauso txiki horiek emanda horrelako aitortza bat jasotzea asko eskertzen da. Oso esker oneko nago", adierazi du kirolari mallabiarrak.

Herri kiroletan emakumeen presentzia indartzeko lanean jarraitu behar dela ere gehitu du. "Gure arbasoek ez zuten aukerarik izan plazara irteteko eta guk badaukagu aukera hori. Baina herri kiroletan neska gutxi dago oraindik. Txapelketa batzuk aurrera ateratzeko zailtasunak daude emakume faltagatik. Beraz, arlo horretan lanean jarraitu behar dugu".

Herri kiroletan tradizio handia duen familiakoa da Karmele Gisasola. Orain urte eta erdi inguru, 2019ko azaroan, Karmeleren aita den Jose Antonio Gisasola 'Zelai' omendu zuten toki berean, bere ibilbide luze eta oparoan irabazitako txapelketengatik eta ezarritako markengatik zein herri kirolaren alde egindako lanarengatik.

Omenaldiko irudia:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!