“Pilotan esaten da ez dela komeni botileroa aita izatea, baina gure kasuan kontrakoa da; alboan gura dugu”

Joseba Derteano 2018ko ira. 7a, 09:30

Aurkezpenik behar ez duen harri -jasotzailea da Jose Antonio Gisasola 'Zelai' (Mallabia, 1958). Harri txikien historian dagoen izen handienetakoa. Urte batzuk erretiratuta daramatza, baina, hala ere, 'Gisasola' abizena sarritan ikusten da plazetan gaur egun ere. Hein batean, Jon (Mallabia, 1999) eta Karmele (Mallabia, 1994) seme-alabei esker da. Gazteak dira eta gogotsu dabiltza. Eta aita… beti ondoan.

Udan herrietako jaiak herri kirolen erakusleiho nagusi izaten dira. Jaialdi asko izan dituzue?

Jon Gisasola: Nik iaz baino erakustaldi gutxiago egin ditut aurten, arrazoi bategatik: herri kirolen pentatloia prestatzen ari naiz eta horri eman diot inportantzia gehiago: entrenamenduei, gerria zaintzeari… Txapelketetan ere aritu izan naiz.

Karmele Gisasola: Ni inoizko gehien ibili naiz jaialdietan. Udako asteburu denetan jaialdi batean, gutxienez, eta aste bitartean ere bai. Txapelketetan ere aritu naiz. 

Beraz, herri kirolen udako jaialdiak sasoi onean daude.

K.G.: Askotan emakumeak eskatzen dituzte eta sarritan emakumeak bakarrik. Gutxi gabiltza harri-jasotzen eta gabiltzanoi toki askotara joatea egokitzen zaigu. 

Zer txapelketatan aritu zarete eta  zelan joan dira?

K.G.: Euskadiko harri-jasotze txapelketan azpitxapeldun amaitu nuen. Ingudeagaz Bizkaiko txapelketa irabazi eta Euskadikoan azpitxapeldun geratu nintzen.

J.G.: Ni Bizkaiko txapelketan bigarren geratu nintzen Inhar Urruzunoren atzetik. Horrez gainera, Mallabiko txapelketa garrantzitsua izan da niretzat, nire herrian jokatzen zelako eta maila handia egoten delako. Hor ere bigarren geratu naiz. Txapelketako emaitzekin gustura nago.

Harri txikiekin ibiltzen zarete batez ere. Hauspoa harri handiak altxatzean baino inportanteagoa da?

K.G.: Hauspoa eta teknika.

J.A.G.: Hauspoa oso garrantzitsua da harri txikiekin zabiltzanean. Urteetan hamaika elkarrizketa egin dizkidate eta galdera bat egin didate askotan: Zein da jaso duzun harririk pisutsuena? Inork ez du galdetzen: zenbat bider jaso duzu harri hori?

Harri txikietako lorpenak gutxietsi egiten dira?

J.A.G.: Beharbada, baina… Harri txikian onak izan direnek, Ostolazak eta Izetak, esaterako, beste edozeinek besteko oihartzuna izan dute. Mieltxo Saralegik, kilorik gehien jaso dituen gizonak —329 kilo—, ez nuke esango aipatu ditudan horiek edo nik neuk baino ospe handiagoa izan duenik. Iñaki Perurena da salbuespena. Oso karismatikoa izan da, arlo askotan asko balio duen gizona da, eta herri kirola eta harri-jasotzea ikaragarri zabaldu du. Harri txikiekin ibili izan bazen ere ezaguna izango zen.

Karmele eta Jon, noiz eta zelakoa izan zen zuen lehenengo esperientzia plaza edo herri kiroletan?

K.G.: Ni eta nire lehengusina —neba eta aita aizkolariak ditu— beti ibili gara plazarik plaza eta inguruan beti izan ditugu ematen zizkieten garaikurrak eta antzerakoak. Behin aitari erakustaldi bat egiteko deitu zioten. Gutako batzuoi proposatu zigun eta lehengusina eta biok trontzan animatu ginen. 17 urte nituen. Gero ingudeagaz hasi nintzen. Herri kiroletan dabilenak, gehiago edo gutxiago, badaki txingei zelan heldu edo txokorrak batu. Denera moldatzen zara apur bat. 

J.G.: Nik hiru-lau urtegaz hartu nuen aizkora lehenengoz. Urteetan Ioritz lehengusuagaz entrenatu nintzen. 12 bat urtegaz aldatu nintzen harrietara.

J.A.G.: Umetan tailerrera etorri eta "Aita, ipini egur bat" eskatzen zidan. Aizkora txiki kamuts bat ematen nion eta han aritzen zen, ordu bi jo eta jo, egurra moztu arte. Afizio handia izan du. Baina egur mundua nekosoa da. Ekonomikoki eta egurraren prestaketa aldetik. Harria, berriz, atera, erabili, gorde eta hurrengo ekinaldirako prest dago berriro.

Jon, Gisasola abizena bizkarrean eramatea pisu astuneko harria da?

J.G.: Ez dut presiorik sentitzen, baina aitaren izena beti agertzen da. Ea aitarenak egiten ditudan edo aitaren inguruko kontuak. Broman bada ere, entzungo dut aitak hau esan eta hura egin zuela. 

Zelai, bakoitzak bere bidea egin behar du?

J.A.G.: Bai, bai. Edozelan ere, Jonek harri txikian punta-puntako harri-jasotzailea izateko dohainak ditu, gutxik dituzten horietakoak. Gerri ona, gorputz aproposa eta teknika ikasteko erraztasuna. Gero, niri falta izan zaidan gauza bat du: elikadura zaintzeko kapazidadea.

Urte dezente daramazu herri kirolak erakusten. Gustuko duzu irakastea?

J.A.G.: Bai. Txondor Herri Kirol Elkartea deitzen da gurea, eta 2004 inguruan sortu genuen. Herri kirolen inguruan gabiltzanon artean talde bat sortuz gero, ondorengoak etorri zitezkeela pentsatu genuen. Gaur egun 15 bat laguneko taldea dugu: Mallabikoez gainera, Ondarroa, Mendaro, Arratzu, Algorta Ermua, Eibar eta Bilbotik etortzen dira, besteak beste. Laster Zumarragako bat ere batuko zaigu. Oinarri on bat dugu eta abaniko zabala. 

Aita zelako entrenatzailea da?

J.A.G: Neu hasiko naiz (barreak). Normalena etxekoei errespetu gutxiago izatea da, konfiantza dagoelako. Beharbada beste bati baino tonu gogorragoan esan ahalko diet zerbait. Aldi berean, euren erantzuna ere antzerakoa izango da. Konfiantza alde bietara dagoelako. 

J.G: Txapelketetan eskertzen dut aita ondoan egotea. Pilotan esaten dute ez dela komeni botileroa aita izatea, baina gure kasuan kontrakoa da; alboan gura dugu. Asko ibilitakoa da eta ondo ezagutzen du harri-jasotzailearen lana. Gogor egin behar denean gogor egiten du, baina badaki noiz estutu eta noiz ez.

K.G: Bai, ados nago. Txapelketetara beti goaz aitagaz. Konfiantza gehiago duzu edozer esateko. Hala ere, nirea desberdina da, ez dudalako Jonek beste txapelketarik. Badaki txapelketak dituela eta horietarako prestatzen ibiltzen da. Nirea afizioa da gehiago.

J.A.G.: Baina entrenamenduak seriotasun berdinagaz hartzen ditu eta bestelako helburuak ditu. Esaterako, aurten Euskadiko txapelketarako sailkatzea zuen helburu. Hori ez du edonork lortzen.

Zuk irabazitako txapelketak eta ezarritako markak zerrendatu behar bagenitu, egun osorako lana genuke. Denetatik zein txapelketa eta marka bereizten duzu, eta zergatik?

J.A.G.: Hasi nintzenean ez nuen pentsatzen gero egin nuena egitera helduko nintzenik, inondik inora ere. Nik eman dezakedan aholkurik onena hauxe da: ez sekula etsi. Entrenamendu saioa kaskar irten zaizula? Ez dio ardura, hurrengoa hobea izango da. Ikasketen modukoa da. Medikuntza karrera ezin daiteke urte bian atera, gehiago behar dira. Harri jasotzen ere berdina da. Nik Ostolazaren markak ikusi eta pentsatzen nuen: "Nondik etorri dira hauek!". Harrituta geratzen nintzen. Baina entrenatu, segi eta segi saiatu, eta horrela lortzen dira markak. Aldamenean lagun on bat izatea ere funtsezkoa da. Pedro Salegi aurkitzea salbazioa izan zen niretzat. Beraz, galderari dagokionez, nire lehenengo Euskadiko eta Bizkaiko txapelketak irabazi nituen uneak itzelak izan ziren. Mallabian irabazi nuen Euskadiko txapelketa ere barruan gordeta dut. Norbere herrian lortutakoa berezia delako beti eta oraindino irauten duen marka bat jarri nuelako: 150 kiloko harri errektangularragaz 24 jasoaldi; 125eko zilindroagaz 33, 113ko kubikoagaz 23 eta 100 kiloko bolagaz 32. Hiruna minutuko saioetan. 35 bat urte izango nituen orduan.

Jon, baduzu aitaren markaren bat inoiz hausteko esperantzarik?

J.G.: Kontua da aitaren marka asko 10 minutuko txandetan direla. 30 minutuko saioak oso gogorrak dira. Gainera, harri desberdin denetan ditu errekorrak. 

J.A.G.: Bere adinean ez nintzen bera beste, ezta hurrik eman ere.

Zelai, herri kiroletan apustuak ohikoak dira, baina zu ez zara apustu zalea. Behin probatu eta ez errepikatzea erabaki zenuen. Zergatik?

J.A.G.: 22 urte nituen eta oso txarto pasatu nuen. Etxean harria 201 bider jaso, plazara joan eta 185. Irabazi egin nuen, bestea gutxiago zelako. Baina berdin da. Ni, orduan, porrota porrotaren gainetik pilatuta nengoen. Bolo-bolo zebilen: "Honek indarra bai, baina ez du balio, nerbiosoa da". Urtebete etxean ezkutuan entrenatzen eman nuen. Topera nengoen, erraz irabazteko moduan, baina apustuaren egunean, Gernikako Aixerrota pilotalekura irten, den-dena beteta ikusi eta buf! Jendea dirua jokatuta, gainera! Txarto pasatu nuen. Aurreko egunetan ere ezin nuen lorik egin. Harrezkero, besteei apustuan laguntzeko prest egon naiz, baina nik neuk ez dut gura. Orduan ez zegoen gaur besteko jaialdi kopururik. Hauek biak —Jon eta Karmele— hara eta hona dabiltza eta txapelketetara doazenean, plazara eginda daude.

Zeintzuk dituzue hurrengo hitzorduak?

J.G.: Irailaren 29an Euskadiko pentatloi txapelketa izango dut Azpeitiko zezen plazan. 28 urteren ostean egingo da berriro. Harri jasotzen, harria mugitzen, aizkoran, txingak eramaten eta korrika. Probatzea eta esperientzia pilatzea dut helburu. Azaroaren 10ean 21 urtez azpiko Euskadiko txapelketa izango dut. Iaz parte hartu nuen lehenengoz eta irabazi egin nuen.  

Zelai, erretiratu zinenetik urte batzuk joan dira. Inoiz ikusiko zaituztegu hirurok plaza berean erakustaldi bat egiten?

J.A.G.: Egin genuen bat. Iazko urrian, Zarautzen, Izetaren omenezko ekitaldian. Karmelek saioa egin zuen eta Jon eta biok elkarregaz aritu ginen, txanda librean. 

Eta Mallabiko jaietan?

J.A.G.: Gustatuko litzaidake, baina aitzakiaren baten bueltan izan beharko luke: norbaiten omenaldiren bat, ekimen solidarioren bat… Horrelako zerbait.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!