[BIDEOA] Karmele Gisasolak Euskadiko Ingude-jasotze Txapelketa irabazi du, lehiaketa horretan inoiz egon den markarik onenarekin

Joseba Derteano 2021ko urt. 18a, 16:00

Virgina Finol eta Maika Ariztegi nafarren eskuetan zegoen 96 altxaldiko marka hobetu zuen mallabiarrak 97 altxaldi eginda.

Zapatuan Euskadiko ingude-jasotze eta lokotx biltze txapelketak —2020ari zegozkionak— lehiatu zituzten Traña-Matienako pilotalekuan. Ingude jasotzen eta emakumeetan, Karmele Gisasola geratu zen txapeldun. 10 kiloko ingudeari 97 altxaldi eman zizkion minutu eta erdian. Mallabiarrak errekor berria ezarri zuen Euskadiko txapelketa batean. 2014an Euskadiko txapelketa egiten hasi zirenetik, Maika Ariztegi —2017an, Amurrion— eta Virgina Finol —2019an, Mungian— nafarren eskuetan zegoen markarik onena, 96 altxaldirekin.

Virginia Finolek ere badaki 10 kiloko ingudearekin 97 altxaldi egitea zer den; 2019ko abenduan lortu zuen, Asteasun (Gipuzkoa), Egursport enpresak antolatutako kopa batean. Maika Ariztegik, berriz, ingudeari 99 altxaldi eman zizkion behin Nafarroako txapelketa batean, baina 9 kiloko ingude batekin izan zen, hau dau, Euskadiko txapelketakoa baino kilo bat gutxiago pisatzen zuen ingudearekin.

Traña-Matienako txapelketan sei emakume aritu ziren lehian. Valentina Rancel geratu zen bigarren 91 altxaldirekin eta Nerea Egurrola hirugarren, 90 altxaldirekin.

Ondorengo bideoan ikusi daiteke mallabiarrak Traña-Matienan egindako minutu eta erdiko lana: (Bideoa: Bizkaiko Herri Kirol Federazioa)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!