Biharko Izarrak pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte bihar gauean Mallabian

Joseba Derteano 2017ko eka. 8a, 13:37

Biharko Izarrak pilota txapelketako finalak bihar jokatuko dituzte, 19:30ean, Mallabiko pilotalekuan. Ez dago faborito argirik, ez lau t’erdikoan, ez binakakoan.

Binaka Iraitz Zubizarretak (Ataun, 1999) eta Iker Mariezkurrenak (Berriozar, 1996) Adrian Pradoren (Najera, 1995) eta Joseba Sarasaren (Eltzaburu, 1996)  kontra jokatuko dute. Gipuzkoar bi eta arabar eta nafar bana. Bizkaitarrik ez aurtengo finalean. Sarasak bigarren finala izango du jarraian. Iaz galdu egin zuen Peru Labakagaz bikotea osatuz, Andoni Ugalderen eta Iñigo Martinezen kontra (11-22). Aurten esperientzia handiko aurrelaria egokitu zaio finalean. Pradok urtetxo batzuk daramatza afizionatuetan, eta azeri zaharra da bere gaztetasunean. Bikote orekatua osatzen dute. Baina aurkariak ez dira edozelakoak. Mariezkurrena afizionatuetako promesa bizia da eta esku dotore bi ditu. Zubizarreta, lauretan gazteena, abila eta bizia da.

Lau t’erdikoan Unai Matak (Mendillorri, Nafarroa 2000) eta Patxi Etxegaraik (Aiherra, Ipar Euskal Herria, 1998) neurtuko dituzte indarrak. Etxegaraik kolpe gehiago du, eta Mata oso pilotari borrokalaria da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!