Biharko Izarrak pilota txapelketa prestigiotsuaren 14. aldia datorren astean hasiko dute. Urtero legez, afizionatu mailan dauden pilotari onenetakoak ikusi ahalko dira Mallabiko pilotalekuan. Horietako bat Durangaldekoa da: Gorka Otaduy berriztarra. Iazko estreinaldia ez zitzaion nahi bezala irten eta eta aurten hobeto ibili gura du.
Alde batetik, iaz “zortea” falta izan zitzaiola uste du Otaduyk sei partidutik hirutan ordezko aurrelariekin aritu behar izan zuelako. Baina bere errendimenduagaz ere ez zen gustura geratu. “Ez nintzen oso ondo ibili eta azkenean seitik bi partidu irabazi nituen. Beraz, aurtengo helburua iazkoa hobetzea da. Partidu batzuk jokatu ostean ikusi egin beharko da finalerdietara sartzeko aukerarik badugun. Hori gatxagoa izango da”, onartu du atzelari berriztarrak.
Ez dago dudarik finalerdietara sailkatzea garesti egongo dena. Otsailaren 23ko eguenetik maiatzaren 25era arteko 18 jardunaldietan afizionatuetan dauden 24 promesarik handienak igaroko dira Mallabiatik. Nagusienak 22 urte ditu. Gazteenak, berriz, Unai Alberdi azpeitiarra eta Iker Salaberria goizuetarra dira 17 urtegaz.
Profesionaletan dauden bi enpresa nagusietako begiraleek gertutik jarraituko dute gazteen lana. Iaz Biharko Izarraken aritutako gazte askok profesionaletan debutatu zuten ondoren: Julen Martija, Ander Errandonea, Jon Erasun, Unai Laso, Jon Ander Peña eta, txapelketa irabazi zuten Iñigo Martinez eta Andoni Ugaldek, besteak beste.
Partiduak eguenero
Jardunaldirik gehienak eguen gauetan (21:15etik aurrera) izango dira. Datorren eguenean honako bikoteek emango diote hasiera txapelketari: Prieto-Urizar eta Alberdi-Irutitak lehenengoan eta, Larrañaga-Arandia eta Espinal-Mariezkurrenak bigarrenean. Otaduyren lehen partidua martxoaren 16an da.