Maiztegi herri eskolako jolastokia eraberritzeko egitasmoa onartu dute Iurretan, aho batez

Anboto 2026ko urtarrilaren 28a

Hiru fasetan garatuko dute egitasmoa, 1,7 milioiko aurrekontuagaz. Lehenengo 3. faseko obrekin hasi gura dute; 731.600 euroko inbertsioari aurre egiteko %60ko dirulaguntza eskatu dute Eusko Jaurlaritzan.

Maiztegi herri eskolako jolastokia eraberritzeko proiektua onartu dute, gaur, Iurretan. Hiru zatitan gauzatuko da egitasmoa, 1,7 milioiko aurrekontuagaz; beti ere, Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena onartuz gero. Azken faseko lanak egingo dira lehenengo (731.600 euro): ume txikientzako jolasgunea berria eta aterpe bat egokituko dira. Inbertsio horri aurre egiteko %60ko dirulaguntza eskatu du udalak Jaurlaritzan. 

Oskar Koka alkatearen berbetan "proiektu oso inportantea eta polita da. Hala ere, Jaurlaritzaren dirulaguntza behar dugu hori gauzatzeko. Herrian hainbat premia daude eta guztiak hartu behar ditugu kontutan". Udal gobernuak gura du lanak udan hasi ahal izatea. Gauzatu ahal izateko 7-8 hilabete beharko direla adierazi du Kokak. 

EH Bildu kritiko agertu da gobernu taldearen jarreragaz 

Aho batez onartu du udalbatzarrak egitasmoa. EH Bilduk arrazoitu du "lehentasun politiko, pedagokiko eta sozial argia" dela. Baina, gobernu taldearen jarrera kritikatu du, lanen exekuzioa Jaurlaritzaren diru-laguntza lortzera lotu duelako. "Maiztegiko jolastokiaren proiektua babesten dugu zalantzarik gabe, eta, ahalik eta azkarren gauzatzeko premia, 3. fasetik hasita, hezkuntza komunitateagaz landutako eskari bati erantzuten diolako eta ikastetxearen erabilera-baldintzak hobetzen dituelako". Egitasmoa "blokeatu" ez dadin onartu dute proiektua, eta eskatu dute udalak obrak baliabide propioekin gauzatzeko konpromisoa hartzea, "dirulaguntza iristen ez bada ere". Egitasmoaren onarpena "berandu" datorrela diote, udal gobernuak ez duelako egitasmoaren garapena "ganoraz" kudeatu. PSE-EEk "oso larria" deritzo egitasmoa iaz onartu ez izana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!