2021-2022an Maiztegi herri eskola amestutako eskola bihurtzeko lehen pausoak eman zituzten. Eskola komunitate osoaren parte hartzeagaz Ametsa proiektua abiatu zuten, eta, hori garatzeko Ametsaren Batzordea sortu. Ondo bereiztutako bi esparru zehaztu zituzten Ametsa gauzatzeko: patioaren eraldaketa eta barne eraldaketa. Maiztegi eskola publikoa izanik, Iurretako Udalak prozesu horren berri izan du hasieratik, "eta Ametsean ere parte hartu du", Maiztegiko Guraso Elkarteak eta Ametsaren Batzordeak azaldu dutenez.
Hala ere, Maiztegiko eskolako patioaren txintxaunen egoera "larria" ikusita haserre daude Maiztegiko Guraso Elkartea eta Ametsaren Batzordea: "Txintxaunak itxita daude, eta gure umeek ezin dituzte erabili eurentzat hain garrantzitsua den patioaren zati hori". Diotenez, udalak ez ditu bete 2022an adostu zituzten eman beharreko pausoak.
Maiztegiko Guraso Elkarteak eta Ametsaren Batzordeak ohar batean jakitera eman dutenez, Zuzendaritza Taldeko kideak eta guraso batzuk udalagaz bildu ziren 2022ko urte amaieran. "Patioaren eraldaketaren inguruan berba egin genuen, eta birmoldaketa oso sakona, luzea eta garestia izan zitekeela jakin arren, hasieratik eman beharreko pauso batzuk adostu genituen. Tartean, jadanik egoera eskasean zeuden txintxaunak aldatzea". Ametsaren Batzordeak 2023ko lehen hileetan aurkeztu zuen jolas berrien aukeraketa. Era berean, eskola komunitate osoaren ametsak aztertzen zituen ikerketa proiektu baten lehen emaitzak ere aurkeztu zituzten. "Eskolako guraso baten gidaritzapean, Deustoko unibertsitateko ikasle batek egindako ikerketa hori abiapuntu hartuta, udalak arkitektura proiektu bat eskatu zuen", zehaztu dutenez.
Proiektu bat
2024an hiru fasetan gauzatuko zen proiektu baten berri izan zutela azaldu dute guraso elkarteak eta Ametsa Batzordeak. "Jakin badakigu guztion artean sortutako proiektua moldatzeko eta merketzeko eskatu dela, eta hiru fasetatik bira aldatu dutela", diote. "Ametsaren oinarria den prozesu parte hartzailea eta gardentasuna alde batera utzi ditu udalak". 2024ko ekainean udalagaz batzartzea eskatu zuen Ametsaren Batzordeak, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. "Baina ez dugu erantzunik jaso". Udalak 2025ean proiektua abiatuko zuela iragarri zuen arren, oraindik ez dela pausorik eman salatu dute. "Gure seme-alabek merezi dutenagatik ekinean jarraituko dugu", nabarmendu dutenez.
EH Bilduren babesa
Maiztegiko eskola komunitate osoari eta Ametsa batzordeari "babesa" eman dio Iurretako EH Bilduk ohar baten bitartez. Adierazi du adierazi "egoera bideratzeko" ekarpena egiteko prest dagoela, eta, eskatu du eskola komunitatea, udal gobernua eta gainerako alderdiak elkartzea, "egoera zuzenean azaldu eta arazoari elkarrekin irtenbide bat bilatzeko".
Iurretako EH Bilduk jakinarazi du eskolako patioa eradaltzeko egitasmoa onartu egon arren, horren inguruko informazio "argirik" ez dutela izan azken bi urteetan. "Joan zen astean, ezustean, dekretu zerrenda batean egitasmoa eraldatzeko erabakia topatu genuen, eta harrituta geratu ginen. Komunitatean erabakitako proiektu bat aldebakartasunez eta gurasoak informatu barik moldatu du udal gobernuak". Horri "onartezina" deritzo talde subiranistak.