Maiztegiko Guraso Elkarteak eskolako jolastokia eraldatzeko dirua bideratzea eskatu dio Iurretako Udalari

Anboto 2025eko azaroaren 20a

Biharko mobilizazio zaratatsua deitu du guraso elkarteak Askondoko karpan, 19:00etan. Era berean, mozioa aurkeztu du udaletxean, azaroaren 26an deitu den udalbatzarrean eztabaidatzeko.

Iurretako Maiztegi ikastetxeko Guraso Elkarteak mobilizazio zaratatsua deitu du biharko. Eskolako jolastokia eraldatzeko, udalak behar den dirua bideratu dezan aldarrikatuko dute, Askondoko karpan 19:00etan. Herritarrak bertaratzera deitu dituzte.

2021-2022an Maiztegi herri eskola amestutako eskola bihurtzeko lehen pausoak eman zituzten. Eskola komunitate osoaren parte hartzeagaz Ametsa proiektua abiatu zuten, eta, hori garatzeko Ametsaren Batzordea sortu. Ondo bereiztutako bi esparru zehaztu zituzten: patioaren eraldaketa eta barne eraldaketa. Hala ere, Maiztegiko eskolako patioaren txintxaunen egoera "larria" ikusita, urrian, Maiztegiko Guraso Elkarteak eta Ametsaren Batzordeak euren haserrea azaldu zuten. Harrezkero birritan elkartu dira udalagaz. "Proiektuan egindako aldaketak zeintzuk diren ezagutu ditugu. Nondik-norakoak aztertzen gabiltza, baina margen handi barik", azaldu dutenez. Gaineratu dutenez, "badakigu jolastokia eraldatzeko dirulaguntzak egon direla, baina ez dakigu udalak eskatu dituen. Eta, udalak behin eta berriz esan du dirulaguntza barik ez duela patioaren eraldaketa gauzatuko".

Orain, udaletxean mozioa aurkeztea erabaki dute, azaroaren 26an izango den udalbatzarrean eztabaidatzeko.Jolastokiaren eraldaketa gauzatzeko, 2026an hasi eta proiektua bukatu arteko urteetan, udalak diru partida bat jartzea eskatuko dute, eta  Dirulaguntza eskatu izanaren ziurtagiria aurkeztea. Hezkuntza foroa sortzea eskatuko dute, eta, udalak, ikastetxeko zuzendaritzak eta Guraso Elkarteak bilera bat egitea gutxienez, hiruhileko bakoitzean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!