Finantzaketa ziurtatu gabe, gobernu taldeak ez du Maiztegiko jolastokia eraldatuko Iurretan

Aitziber Basauri 2025eko abenduaren 17a

Gobernu taldeak ez du onartu EH Bilduk Maiztegiko jolastokia eraldatzeko udalbatzarrean aurkeztutako finantzaketa proposamena. Maiztegi eskolaren proiektuaren jarraipen-batzordea eta Hezkuntza Foroa eratzea onartu dute gaur goizean izan den osoko bilkuran.

Iurretako gobernu taldeak ez du Maiztegi eskolako jolastokia eraldatzeko proiektu gauzatuko, finantzaketa ziurtatu arte. Oskar Koka alkateak azaldu duenez, "lortzen dugun diru-laguntzaren arabera joango gara proiektua aurrera eramaten. Dena den, %100ean finantzatzea da gure helburua".

Gobernu taldeak atzera bota du Maiztegiko jolastokia eraldatzeko EH Bilduk udalbatzean aurkeztutako finantzaketa proposamena: 2024ko azaroan aurkeztutako proiektuan oinarrituz, obren 3. fasea —txintxaunak jarrita egongo lirateke— 2026ko lehen seihilekoan gauzatzea proposatu du. Eta, Udaleraiki programaren bidez diru-laguntza eskatzeko konpromisoa hartzea, %60ko finantzaketa lortzeko. Bestalde, 1. fasea gauzatzeko diru-kopurua aurrez aurreratzea proposatu du EH Bilduk, "estalpearen doikuntza barne". Alkateak azaldu duenez, "diru-laguntza lortuz gero eta proiektua gauzatzea posible bada hasiko dira lanak. Laguntzarik jaso ezean aztertu beharko dugu zer egin daitekeen". Zehaztu duenez, apirila eta maiatza bitartean jakingo dute zenbat diru duten proiektua garatzeko.

Hala ere, Maiztegi eskolaren proiektuaren jarraipen-batzordea eta Hezkuntza Foroa eratzea onartu du udalbatzak. Eta, udalak jolastokiaren eraldaketa bideratzeko konpromisoa hartzea. Udalak jarraipen-batzordean partekatzeko informazioa emango du.

EAJ: "Baliabideak erantzukizunez kudeatu behar ditugu"

Maiztegi eskolagaz eta jolastoki nklusiboaren eraikuntzarekin duen "konpromisoa" berretsi du gobernu taldeak, ohar batean azaldu duenez. Nabarmendu dutenez, udalaren
baliabideak "mugatuak" direla kontutan hartuta, eta premiak "asko" direla, soberakina zein den jakin ondoren, hainbat proiektu gauzatzeko plangintza egingo da.  "Baliabideak erantzukizunez kudeatu behar ditugu, guztionak direlako, eta ezin da hipotesietan oinarrituta gobernatu. Kontuak argiak izan behar dira", Kokaren berbetan. Maiztegi "lehentasuna" izan da beti, gaineratu duenez: "Patio inklusiboa gauzatu egingo da, horregatik, finantzaketa bilatzen jarraitzen dugu, eta, ahal den neurrian, hainbat jarduera
egingo ditugu". 

EH Bildu: "Jolastoki inklusiboa errealitate bihurtzeko aukera berriro ere zapuztu dute"

EH Bilduk, berriz, gobernu taldearen "konpromiso falta" deitoratu du, ohar batean. Modu positiboan balorau du talde subiranistak proiektuaren oinarrizko lau ardatzetan lortutako
adostasuna. "Aurrerapauso garrantzitsua da aitortzari, parte-hartzeari eta gardentasunari begira". Hala ere, udal gobernuaren jarrera deitoratu du EH Bilduk: "Baliabide
ekonomikoak jartzeko erakutsitako borondate ezak Maiztegiko jolastoki inklusiboa
errealitate bihurtzeko aukera berriro ere zapuztu duelako". Diotenez, "irtenbide adostu, bideragarri eta gardena lortzeko" lanean jarraituko dute, "Maiztegiko hezkuntza-komunitateak eta herriak eskatzen duten proiektua aurrera eramateko helburuagaz".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!