Gurutze Fradesek 15. tokian amaitu du Konako Ironmanen munduko txapelketa

Anboto 2022ko urr. 7a, 04:18

Gurutze Frades, Konan. (Facebook: Gurutze Frades)

Honako hau izan da bere denbora: 9.20.58.

Gurutze Fradesek (Iurreta, 1981) Ironmanen munduko txapelketa lehiatu du gaur Konan (Hawaii). Iurretako triatletak 15. tokian amaitu du honako denborarekin: 9.20.58. Igeriketa saiotik (3,86 km) 35. tokian irten da. Bizikletako tartean (180 km) postu batzuk aurrera egin ditu eta 31. kokatu da. Ohi duen moduan korrikako 42 kilometroetan eman du errendimendurik onena eta atzetik aurrerako bideari ekin dio. Beste behin sekulako erritmoa markatu ostean, 15. postura arte igo da. 3 ordu eta 31 segundotan osatu du maratoi distantzia. Profesionalen artean hirugarren denborarik onena izan da.

Emakumeetan Chelsea Sodaro californiarra (AEB) izan da txapelduna: 8.33.46. Lucy Charles-ek (8.41.37) eta Anne Haug-ek (8.42.22) amaitu ditu bigarren eta hirugarren. 

Gaurkoa Fradesek munduko txapelketa batean parte hartu duen seigarren aldia izan da. Aurten munduko txapelketa bitan aritu da. Maiatzean 2021ari zegokiona (pandemiagatik atzeratutakoa) lehiatu zuen Utah-n (AEB) eta bederatzigarren amaitu zuen. Munduko txapelketa batean inoiz lortu duen posturik onena da. 

Harrezkero, Konako hitzordua prestatzen aritu da. Bidean, Fromistako triatloia eta Cozumelgo Ironman erdia irabazi ditu, besteak beste.

Gaur, berriz, 2019an Konan lortutako 15. postua berdindu du. 

Honako hauek dira Gurutze Fradesen emaitzak Ironmanen munduko txapelketan:

  • 2016an, Konan: 33. postua.
  • 2017an, Konan: 22. postua.
  • 2018an, Konan: 24. postua.
  • 2019an, Konan: 15. postua.
  • 2022an, Utah-n: 9. postua.
  • 2022an, Konan: 15. postua.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!