Gurutze Fradesek lan eta lan eman du abuztua. Izan ere, hitzordu garrantzitsu bat du urrian, Ironmanen munduko txapelketa lehiatuko delako Konan. Hara begirako prestakuntzan murgilduta dago eta lana bere fruituak ematen ari da. Abuztu hasieran triatloi bat irabazi zuen Medina de Riosecon (Gaztela eta Leon) eta asteburu honetan beste hainbeste egin du Palentzian. Triatloi distantziako proba 4.06.26ko denboran amaitu du eta bost minututik gorako aldea atera dio Helene Alberdi bigarren sailkatuari (4.11.45). Natalia Bermudezek osatu du podiuma (4.32.58).
“Probak bere goiak eta beheak izan ditu, Fromistako triatloia gogorra delako eta une batzuetan duda momentuak sortzen dizkizulako, baina goiak gehiago izan dira eta oso pozik nago emaitzagaz”, adierazi du Mugarra Triatloi Taldeko iurretarrak sare sozialetan.
Aurtengoa urte berezia da Ironmanetan munduko txapelketa bi daudelako. Lehenengoa maiatzean lehiatu zen Utah-n (AEB), covid-aren ondorioz aurten arte atzeratu behar izan dena. Bederatzigarren tokian amaitu zuen. Bere inoizko emaitzarik onena da Ironmanen munduko txapelketa batean.