Gurutze Fradesek Cozumel Ironmana irabazi du Mexikon

Anboto 2022ko ira. 26a, 08:56

Gurutze Frades Cozumal Ironmaneko helmugara sartzen. (Argazkia: facebook; Gurutze Frades)

Aste eta erdi barru lehiatuko duen munduko txapelketaren atarian sasoian dagoela erakutsi du.

Gurutze Fradesek (Iurreta, 1981) Mexikoko Cozumel Ironman 70.3 proba irabazi du asteburuan. Bere denbora, honako hau: 4.13.46.  Amy Cymerman-ek (4.19.21) eta Palmira Alvarezek (4.32.35) osatu dute podiuma.

Frades laugarren tokian irten zen igerian egin beharreko tartetik. Bizikletan osatu beharreko zatian bigarren kokatu zen. Korrika erakustaldia eskaini zuen beste behin eta hamargarren kilometrorako lider zegoen. Helmugan ia sei minutuko aldea atera zion Cymerman bigarren sailkatuari.

Konara begira

Iurretako triatletak egutegian gorriz markatuta du hurrengo hitzordua: urriaren 6tik 8ra Konan lehiatuko den Ironmanen munduko txapelketa. Hain zuzen, hara begirako prestakuntza lez erabili du Mexikoko proba, antzerako tenperatura eta hezetasun baldintzak dituelakoan.

Konakoa aurten parte hartuko duen bigarren munduko txapelketa izango da. Izan ere, maiatzean covidaren ondorioz 2021etik atzeratutakoa lehiatu zuen Utah-n, Ameriketako Estatu Batuetan. Bederatzigarren tokian amaitu zuen. Munduko txapelketa batean bere inoizko emaitzarik onena izan zen.

Konan seigarren bider arituko da munduko txapelketa batean.

Cozumal Ironmaneko emaitzak LOTURA HONETAN.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!